Axier Urresti: “Aurrezki-koltxoia nahikoa bada, ilusioz betea izango da 2023ko bigarren seihilekoa"

Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari exekutiboa | Argazkia: Vital Fundazioa Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari exekutiboa | Argazkia: Vital Fundazioa

Axier Urresti Rivero Vital Fundazioko zuzendari exekutiboak argi du Euriborraren hazkundeak, inflazioak eta energiaren prezio altuek osatu dutela 2022. urtea. Datorren urtera begira, bigarren seihilekoarekin batera ilusioa iris daitekeela uste du. Vital Fundazioari lotuta, berriz, kontratazioak hobetzea litzateke 2023rako duten erronka nagusia.

Zein da zuentzat 2022ko albiste ekonomiko garrantzitsuena, Herrikoaren esparruarekin harremana duena? Zergatik?

Familia-ekonomiari zuzenean eragiten dioten hiru aldagairen nahasketa eginda osatuko genuke 2022ko gure albistea, hau da, Euriborraren ustekabeko hazkunde esponentziala, ingurune inflazionista altuari eustea (elikagaien prezioetan oso nabarmena) eta energiaren prezio oso garestiak elkartuko genituzke.

2023ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenuke, zein nahiko zenukete titularra edo albistea izatea?

Ukrainan gerra amaitu dela, horixe litzateke gustuko titular nagusia, horrek bere atzetik dakartzan ondorio guztiekin batera. Aldi berean inflazioa murrizten ere lagunduko luke, energiaren prezioak murriztuz edo daudenei eutsiz.

Nola ikusten duzue 2023?

Pandemia egoeran sortutako aurrezki-koltxoia urteko lehenengo seihilekoan kontsumo pribatua bultzatzen jarraitzeko eta atzeraldi egoeran ez sartzeko nahikoa zabala bada, ilusioz betea izango da 2023. urteko bigarren seihilekoa.

“Araban enplegua sortzen duten enpresek zailtasunak dituzte langile berriak kontratatzerako garaian, hamarretik zortzik profesional egokirik aurkitzen ez duela adierazi baitu”

Vital Fundazioak enpleguarekin eta ekintzailetzarekin lotutako hainbat programarekin kolaboratzen du. Zein erronka ditu Arabak bi esparru horiei lotuta?

Modu aktiboan bultzatzen dugu EmpleoAraba, eta bertatik, egin berri dugun Arabako Enplegu Behatokia 22-23tik, lan-arlo horretan etorkizunerako erronkak zeintzuk izan beharko luketen markatu ditugu, kontratazioei begira:

Behatokian ikusi dugunez, Araban enplegua sortzen duten enpresek zailtasunak dituzte langile berriak kontratatzerako garaian, hamarretik zortzik profesional egokirik aurkitzen ez duela adierazi baitu. Kontratazioak, ahal dela, kontaktu pertsonalen bidez egiten dira. Era berean, kontratatzeko orduan, jarrera, lanbide-esperientzia eta prestakuntza lehenesten dira, adierazitako ordena horretan.

Arabako enpresek bilatzen dituzten gaitasunak erantzukizuna, iraunkortasuna eta lanerako gaitasuna dira, balio-aniztasun eta malgutasun handiarekin batera. Kualifikazio handiko profilak bilatzen dira; kontratatu beharreko profilen % 90ek erdi- edo goi-mailako ikasketak edo unibertsitate-graduak behar dituzte. Kualifikaziorik gabe ez dago lan-aukerarik, aurreikusitako kontratuen %4,46 baino ez dira gordetzen oinarrizko ikasketak dituzten edo ikasketarik gabeko pertsonentzat. 2023ra begira, kontratazioei lotutako egoera hau hobetzea litzateke gure erronka nagusia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK