Banku eta energia enpresei ezarritako zergen 400 milioi euroak maiatzean jasotzea espero du Euskadik

Euskal erakundeek oraindik ez dute zehaztu kantitate hori nora bideratuko den

Finantzen Euskal Kontseiluan parte hartu duten kideak | Argazkia: Irekia Finantzen Euskal Kontseiluan parte hartu duten kideak | Argazkia: Irekia

Finantzen Euskal Kontseilua gaur bildu da 2022ko ekitaldiko diru kontuak aztertu eta 2023-2024ra begira zenbait erabaki hartzeko. Gaurko bileran espero zen datozen bi urteetan banku eta energia enpresei ezarri zaizkien aparteko zergen bidez bilduko den diru kantitatea lurralde historikoen artean nola banatuko den zehaztea, baina euskal erakundeek oraindik ez dute zehaztu diru hori nora bideratuko den. Espainiako Estatuak aparteko zerga horien bidez bildutako guztiaren %6,4 jasotzea espero dute EAEko erakundeek. 2023-2024 aldian, 400 milioi euro izan daitezke. Diru kopuru hori jasotzeko, Kontzertu Ekonomikoan aldaketa bat egin beharko dute, eta behin ituna aldatzen duen legea onartuta, lurralde historiko bakoitzeko Batzar Nagusiek sartuko dituzte zerga figura berriak sistema foralean.

Zerga itundunen bidez bildutakoak, gora

Aurreikuspenak betez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zerga itunduen bidez bildutako diru kopuruak gora egin du beste behin ere. 2022an guztira 17.130,7 milioi euro jaso zituzten hiru lurraldeetako ogasunek, 2021en jasotako 15.963,2 milioi euro baino %7,3 gehiago. Gauzak horrela, urrian egindako aurreikuspenak baino 21,4 milioi euro gehiago jaso ziren azkenean.

Pertsona Fisikoen gaineko Errentaren Zergaren (PFEZ) bidez batutakoa %6,3 igo zen (6.497.697.730 euro), eta sozietateen gaineko zergaren bidez bildutakoa %17 (1.51.266.883 euro). Zeharkako zergei dagokienez, berriz, BEZaren bilketa osoa %10,6 igo zen.

Lurraldeka banatuz gero, Arabak 2.729,2 milioi euro bildu zituen zerga itunduen bidez, 2021ean baino %9,7 gehiago; Bizkaiak 8.803,5 milioi euro, %8,2 gehiago; eta Gipuzkoak 5.598,1 milioi euro, %4,8 gehiago.

Hala ere, kontsumo jakin batzuen gaineko zerga berezien bilketa %1,7 jaitsi zen, argindarraren gaineko zerga bereziaren bilketak %69,6 egin zuelako behera, eta erregaien gaineko zerga bereziaren ondorioz jasotakoa ere %3,1 murriztu zelako.

932,3 milioi euroko kupoa ordaindu zion Eusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuari 2022an. Hala, ekitaldiaren itxieran ekarpenen likidazioa 11.598,8 milioi eurokoa izan zen, aurrekontuan jasotakoa baino 594,9 milioi handiagoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK