• FINANTZAK
  • BasqueFIKek 150 bazkide eta milioi bateko aurrekontua izan nahi du 2028rako

BasqueFIKek 150 bazkide eta milioi bateko aurrekontua izan nahi du 2028rako

Iazko martxoan sortu zen finantza klusterrak sektore “berritzaile, lehiakor eta konektatu” bat sortu nahi du. 60 bazkide inguru ditu egun

Argazkia: BasqueFIK
Argazkia: BasqueFIK
2025eko ekainaren 19a
Eg. 2025eko ekainaren 19a

BasqueFIK finantza eta inbertsio klusterrak Batzar Nagusia egin zuen atzo Bilbon, eta 2028rako plan estrategikoa aurkeztu. 2024ko martxoan sortu zen elkartea, eta egun 60 bazkide baino gehiago ditu. Urtea amaitzerako 77 bazkide eta 644.000 euroko aurrekontua lortu nahi du, eta 2028rako 150 bazkide izatea eta milioi euroko aurrekontua espero du klusterrak.

 

Jon Ander de las Fuentes klusterrako presidenteak adierazi duenez: "lehen urte honetako lehentasunetako bat klusterra eragile ireki, kolaboratibo eta Euskadiko ekosistema ekonomiko eta instituzionalaren dinamikekin bat datorrena izatea izan da. Eta bide egokian gaudela uste dugu, sortu berri den Euskal Finantza Aliantzan eragile garrantzitsutzat hartu izanak erakusten duen bezala”.

Elkarteak helburu du sektore “berritzaile, lehiakor eta konektatu” bat sortzea, eta horretarako ekintza plana garatu du. Egin beharreko jardueren artean, “sektoreko liburu zuri bat” sortzea eta “nazioarteko behatoki sektorial” bat martxan jartzea daude.

 

Era berean, plan estrategikoan bederatzi helburu nagusi ezarri ditu klusterrak: “ekosistemako eragileen artean lankidetzaren kultura sustatzea eta tresna eta eragile berriak txertatzea; enpresen errotzea eta hazkundea bultzatzea, eta lurraldea inbertsiorako erakargarri gisa kokatzea; sektorearen berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa sustatzea; ehun ekonomikoan finantza estrategia berritzaileak sustatzea; segmentu guztietan finantza talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko ekimenak garatzea; finantza bokazioak sustatzea; Euskadiko enpresa sarearen finantza prestakuntza hobetzeko lan egitea; sektorearen gizarte balioa indartzea eta gizartearen finantza hezkuntza sustatzea”.

Lexuri Elorriaga BasqueFIKeko zuzendari nagusiak nabarmendu du finantza ekosistemaren lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatu nahi dutela, “bai teknologikoa, bai ez-teknologikoa, elkarlanean oinarrituta eta finantza tresna berriak sortuz. Beste alde batetik, enpresa-sarea, inbertsioa eta hazkunde jasangarria sustatu nahi ditugu. Eta hori lortzeko, funtsezkoa da talentua erakartzea eta garatzea".