BBVAk 4.842 milioiko irabaziak izan ditu irailera arte, iaz baino %46 gehiago

Guztira 1.531 milioi euro gehiago irabazi ditu aurten urtarriletik irailera. Hego Amerikan bikoiztu egin ditu irabaziak eta Espainian emaitzak %27 hobetu ditu

Argazkia: Shutterstock Argazkia: Shutterstock

BBVA taldeak 4.842 milioi euroko emaitza izan du aurtengo urtarriletik irailera, hau da, %47ko igoera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, erakundeak ostiral honetan jakitera eman duenez. Ondorioz, iazko epe berean baino 1.531 milioi euro gehiago irabazi ditu 20221an. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, gainera, 2021eako aldi berean baino %34,1 gehiago irabazi du.

Erakundeak nabarmendu duenez, lortutako emaitza onak interes tasen igoeraren ondoriozkoak izan dira. Izan ere, interesen marjina 13.811 milioi eurora iritsi da urteko lehen bederatzi hilabeteetan, duela urtebete baino %32,6 gehiago. Bereziki nabarmentzekoa da, bankuaren arabera, linea horrek Mexikon, Turkian eta Hego Amerikan izan duen bilakaera ona.

Komisio garbiak, berriz, %17,4 hazi dira, 4.030 milioi euroraino, , gorabidean diren merkatuetako negozioak bultzatuta. Oro har, interes-marjinak eta komisio garbiek (banku-negozioaren sarrera errepikariek) %28,8ko urte arteko igoera izan dute urtarriletik irailera, 17.842 milioi eurora iritsi arte.

BBVAk Espainian emaitzak %27,1 hobetu ditu, 1.514 milioi euroko irabaziekin. Hala ere, Hego Amerikan izan ditu emaitzarik onenak. Argentina, Brasil, Bolivia, Uruguai, Kolonbia, Txile, Peru eta Venezuela kontuan hartuta, 614 milioi euro irabazi baititu, ia bikoitza 2021eko datuekin alderatuz gero (+%98,3). Mexiko da oraindik ere BBVAren merkatu handiena, 2.964 milioi euro irabazi baititu, iaz baino %47,5 gehiago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK