Gaurtik aurrera, Bizumekin ordaintzeko aukera eskaini ahal izango dute merkataritza eta ostalaritza establezimenduek, baina María López Negrete CECOBI Bizkaiko Merkataritza Enpresari Konfederazioko presidenteak adierazitakoaren arabera, establezimenduetan ezjakintasuna oraindik nabaria da, eta erantzunak topatzeko hainbat eta hainbat dei egin ditu azken asteotan, informazio ahalik eta onena eduki asmoz. Horrek esan nahi al du gaurtik bertatik izango dela eskuragarri aukera hori toki guztietan? Ez. Egokitzapen prozesua izango dela aurreikusten da. Laboral Kutxako iturriek EnpresaBIDEAri kontatutakoaren arabera, euren kasuan "oso progresiboki eta lasai" txertatuko dute. "Saltokiek ez dute ezer egin behar. Ezarpen teknologiko bat da, bankuen esku dagoena, eta euren datafonoetan ezarriko da. Esan bezala, denek ez dute gaur bertan eskuragarri izango, pixkanaka joango garelako", adierazi dute iturriok. Erosleen kasuan ere, ez dute ezer berezirik konfiguratu beharko. Baina oraindik bide luzea aurreikusten da hau errealitate izan dadin.
Aukera eskuragarri dagoen momentutik, mugikorreko txartelarekin ordaintzea bezalakoa izango da, NFC sistema erabiliko baitu. Alegia: mugikorra datafonora gerturatu besterik ez dute egin beharko bezeroek, eta establezimenduak ordainketa jasoko du. Kasu honetan, baina, Google Pay edo Apple Pay erabili ordez, erabiltzaileak bere bankuko aplikaziotik gauzatuko du ordainketa, bertan izango baitu integratuta Bizum sarea. Eta tartean ez da inolako txartelik izango, ez digitala, ez bestelakoa.
Komisioak
"Orain arte, maila operatiboan, txartelarekin ordainketa bat egiten duzunean, hiru bitartekari daude: bezeroaren txartela jaulki duen bankua, establezimenduaren bankua —datafono 'utzi' diona— eta Visa", kontatu du Lópezek. Bezeroak txartel bitartezko ordainketa bat egiten duenean, operadore horietako bakoitzak komisio bat kobratzen dio establezimenduari. Horrez gain, gainera, kontsumitzaileak ere txartela izateagatiko komisio bat ordaintzen dio bankuari urtean, izan urteroko kuota batean edo interesekin —kreditu txartelaren kasuan—, ez bada beste zerbitzu batzuk bankuan izatearen truke txartela "doan" izateko aukera duela.
Laboral Kutxa: "Saltokiek ez dute ezer egin behar. Ezarpen teknologiko bat da, bankuen esku dagoena, eta euren datafonoetan ezarriko da"
Bizum Pay erosketen ekuazioan sartzean, Visa —edo dena delako sarearen operadorea— atera egiten da. Zer gertatuko da, baina, Visak orain arte eramaten zuen komisioarekin? Laboral Kutxako iturriek esandakoaren arabera, Bizumentzat izango da hori hemendik aurrera. "Gure kasuan, komisioetan ez da inolako aldaketarik izango, ez establezimenduentzat, ez erosleentzat. Bere horretan mantentzea erabaki dugu", adierazi dute bankutik. Beste bankuren batek hartutako erabakia ere bada. CECOBIkoaren ikuspegitik, ez da soluziorik egokiena. "Dinamikak aldatzea oso zaila da ez baduzu inolako pizgarririk ematen. Guretzat, establezimenduentzat, gastu finkoa da hilero datafonoa, eta behintzat abantaila lehiakor txiki bat eskainiko balute, pixka-pixka bat lagunduko liguke. Ez dut uste inork pentsatuko duenik aldaketa egiteko arrazoia dela bestela dirua Ameriketara joango dela", mahaigaineratu du.
Bizum Visa baino hobea, edo desberdina?
Izan ere, Visa, Mastercard edota Paypal bezala, AEBetako enpresa da. Bizum, ordea, Espainiako Estatuko banku nagusiek elkarlanean abiarazitako ordainketa digitaleko plataforma da, 2016an sortua. S.L. bat da, 20 entitatek baino gehiagok osatutako banku partzuergo batek kontrolatzen duena. Teorian akziodun bakar batek ezin du %24 baino gehiago izan, inork ez dezan eduki nagusitasun erabakigarririk. Euskal jatorriko bankuen artean, Bizumen bazkide dira BBVA, Kutxabank eta Laboral Kutxa, hurrenez hurren, %18, %3,6ko eta %1,2ko parte hartzearekin, 2022ko datuen arabera. Urte horretan, ehuneko handiena zuten bankuak ziren Caixabank (%24) eta Sabadell (%20,91).
Bizum sortzearen arrazoi nagusia enpresa amerikarrei aurre egitea izan zen, eta orain arte nazioartera joaten zen komisio bitartezko diru hori Espainiako Estatuko banku-ekosisteman geratzea, teorian menpekotasuna murriztuz. Hori bakarrik ez: jasotako komisioei esker, enpresa estatubatuar pribatuek kontrolatzen dituzte azpiegitura estrategikoa eta negozio-arauak. "Gure kontsumo datuak ere haien kontrolpean daude, eta hori informazio iturri oso inportantea dira bankuentzat produktuak eskaini edota estatistikak egin ahal izateko", kontatu du CECOBIkoak.
Ordainketa sistemen eboluzioa
Apustuak apustu, azken urteetan gora egiten ari da mugikorrekin egiten den ordainketa kopurua. 2025ean aurrez aurreko merkataritza-ordainketen %27 smartphone bidez egin ziren, Laboral Kutxak emandako datuen arabera. Espainiako Bankuko datuek erakusten dutenez, 2022tik 2025era, %4tik %15era igaro da mugikorrarekin establezimendu —merkataritza zein beste batzuk— ordaintzen diren operazio kopurua. Epe horretan, eskudiruaren erabilera %9 jaitsi da, %%66 %57ra, eta txartel bitartezko ordainketek 2022tik 2024ra gora egin bazuten ere, berriro ere 2022ko puntu berean daude. Ordainketa digitalak behera egin baino, txartel fisikoaren erabileraren zati bat mugikorrera migratzen ari dela dio erakundeak.
Oro har, baina, bezeroaren beharretara egokitzeko bideak topatzen jarraitu beharko dute establezimenduek. Beste aukera bat izan daiteke Bizumen sistema tradizionalaren aldeko apustua egitea. Kasu horretan, establezimendua da, datafono bitartez zegokion aukeran klikatuta eta kopurua eta bezeroaren telefonoa sartuta, bigarrenari ordainketa eskaera egiten diona, hark aurrera egin zezan. "Aukera horrek eskaintzen duen abantaila da, adibidez, etxetik telefonoz eskaera bat egin eta momentuan ordaintzen dela, eta ondoren dendatik soilik jasotzera igaro behar dela", esan du Lópezek.
María López (CECOBI): "Guretzat, establezimenduentzat, gastu finkoa da hilero datafonoa, eta behintzat abantaila lehiakor txiki bat eskainiko balute, pixka-pixka bat lagunduko liguke"
Merkataritza establezimendu txikia izanik online plataforma bitartezko ordainketa ordaintzea baino merkeagoa izan daiteke askorentzat, datafonoa dagoeneko ordaintzen dutelako. Momentuz, baina, ez dira asko sistema hori bera ere txertatuta duten komertzioak, eta kasu horretan bai, establezimendua bera da bankuari eskatu behar diona altan eman dezan.