Pablo Hernández de Cos izango da Europako Banku Zentraleko (EBZ) hurrengo presidentea, erakundearen zuzendaritza nagusia hartuko duen lehen espainiarra. Izendapena ostegun honetan adostu dute Europako Kontseiluaren goi-bileran, haren lehiakide zen Klaas Knot herbeheretarrak behar adina babes lortu ez ostean. Espainian, PSOEren eta PPren babesa jaso du hautagaitzak. Izendapena behin betikoa izan dadin, Europako Parlamentuaren azterketa gainditu eta Europako Kontseiluaren berrespena jaso beharko ditu Hernández de Cosek, eta, beraz, prozesua urtea amaitu aurretik gauzatzea espero dute.
Hernández de Cosek 2027ko otsailaren 7an hartuko du kargua, Christine Lagarde ordezkatuz. 55 urteko ekonomialariak ia hiru hamarkadako esperientzia du finantza-arloan. 1997an hasi zen Espainiako Bankuko ikerketa-zerbitzuan lanean, eta erakunde horretako gobernadorea izan zen 2018tik 2024ra. Aldi horretan, nazioarteko finantza-erakundeen gainbegiratze-lanetan ere parte hartu zuen, Basileako Banku Gainbegiratze Batzordean, besteak beste. 2025eko uztailetik Nazioarteko Ordainketen Bankuko (BPI, ingelesez Bank for International Settlements edo BIS) zuzendari nagusia da.
Testuinguru konplexua egokituko zaio presidente berriari, zorpetze publiko handiak eta hainbat herrialdetako defizit iraunkorrek kezka eragiten baitute. Inflazioa kontrolatzea ere izango du erronka nagusietako bat. EBZren arabera, arriskuen artean daude burtsen balorazio handiak, desoreka fiskalak eta finantzaketa-beharren gorakada. Zor publikoaren merkatuetan tentsioak areagotzeko aukera ere mahai gainean dago, bereziki Frantziako egoeraren ondorioz.
Horrez gain, tentsio geopolitikoek eta energia-merkatuetako gorabeherek prezioetan izan dezaketen eragina kudeatu beharko du. EBZren helburua inflazioa %2an kokatzea da, baina prezioak kontrolatzeko zailtasunek Europako ekonomiaren hazkundea oztopa dezakete. Era berean, presidente berriak kontuan izan beharko ditu adimen artifizialak finantza-merkatuetan izan dezakeen eragina eta inbertsioen norabidean gerta daitezkeen aldaketak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta