Christine Lagarde lerro artean irakurtzen

EBZri begira aritu ziren atzo merkatuak. Gakoa tasak zenbatean igoko zituen bazen ere (25 puntu), Christine Lagarderen prentsaurrekoak jaso zuen arreta guztia. Maisua da Lagarde hitzekin jolasten eta garrantzitsua da lerroartean irakurtzea banku zentralaren joerak ulertzeko

Christine Lagarde EBZko lehendakaria | Argazkia: EBZ Christine Lagarde EBZko lehendakaria | Argazkia: EBZ

Banku zentralen astea izan da. Asteartean AEBko Erreserba Federalak bi eguneko bilera egin zuen moneta politikaren ildoak ezartzeko. Atzo merkatuen arretak Frankurten zuen hitzordua. Martxoan izan zen Europako Banku Zentralak diruaren prezioa finkatzeko egin zuen azken bilera, eta bazegoen jakin mina Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak tasen gorakadarekin jarraituko zuen ikusteko.

Jakin mina, egia esan, interes-tasak zenbatean igoko zituen ezagutzeko zen, 25 ala 50 puntu. Igoera leunagoaren aldekoak gailendu dira azkenean, eta puntu laurden baino ez dituzte igo. Zenbatekoarena argituta, Lagarderen prentsaurrekoak hartu zuen garrantzia. Lerro artean irakurri beharreko emakumea da EBZko presidentea. Esaten duena baino, aipatzen ez duenak du garrantzia askotan. Maisua da abokatu paristarra isiluneekin eta ñabardurekin jolasten.

Aitzindaria

Emakume ezaguna da Christine Lagarde, batez ere Frantziako estatuan. Bertan ministro lanak burutu izan ditu Dominique de Villepinen gobernuan. Errepublikatik kanpo ere ospe handiko emakumea da. Nazioarteko Diru Funtseko presidente izan zen lehen emakumezkoa da, eta gaur egun Euroguneko moneta politika arautzen duen Europako Banku Zentraleko burua ere da. Honetan ere lehen emakumea. Aitzindaria, hortaz.

Bere aurpegia ez ezik, bere sinadura aski ezaguna dugu europarrok, eskudirutan ordaintzeko orduan bere izenpea duten billeteak erabiltzen ditugulako egunero. Bere ospea, baina, ez da ekonomia eta polikaren esparruan mugatzen. Modaren munduan ere, eredu izan delako. Maryl Streep aktore estatubatuarrak Variety aldizkarian aitortu zuen bezala Christine Lagarderen estetikan oinarritu zen Miranda Priestlyren pertsonaia gorpuzteko The devil wears Prada —Le diable s´habille en Prada-El diablo se viste de Prada— luzemetraian. 

Bide propioa markatuz

Pelikulak pelikula, Lagarde da oraingoan protagonista Euroguneko moneta politika diseinatzeko orduan. Inflazioa % 7ra igo da eurogunean apirilean, EBZtik helburu duen % 2tik oso urrun. Inflazioa menderatze aldera inoizko tasen igoerarik malkartsuena abiatu zuen iaz, urtebetean tasak % 3,75 igota. Europa ez da inflazioari aurre egiteko diruaren prezioa igo duen eskualde bakarra. AEBen ere Erreserba Federalak tasak nabarmen igo ditu azken urtean, eta asteazkenean iragarri zuen azken igoera. AEB eta eurogunean antzeko egoeran egon daitezkeela ematen badu ere, ez da horrela eta atzoko agerraldian EBZko presidenteak argi utzi zuen, bere estiloan, hori bai.

Erreserba Federalaren asteazkeneko komunikatuak ñabardura nabarmen bat egin zuen. Martxoan moneta politika are gehiago gogortu zitekeela azaltzen bazuen ere, Jerome Powell FEDeko buruak aipamen hori kendu dutela onartu zuen asteazkeneko prentsa agerraldian. Tasen igoeren bukaeratzat hartu zuten adituek ñabardura hori, eta Lagarderen berbak xehe aztertu zituzten atzo, Frankfurtek norabide aldaketarik iragarriko zuelakoan.

EBZko buruak interes-tasen gorakadan etenik ez zela egongo argi azaldu zuen. Igoera leunagoa, bai, baina etenik gabe, "bidaiaren bukaera ez dela" nabarmenduz. Erreserba Federalaren erabakitik aldendu nahi izan zuen

EBZko buruak, baina, interes-tasen gorakadan etenik ez zela egongo argi azaldu zuen. Igoera leunagoa, bai, baina etenik gabe, "bidaiaren bukaera ez dela" nabarmenduz. Erreserba Federalaren erabakitik aldendu nahi izan zuen atzo "EBZk FEDekiko menpekotasunik ez" duela azpimarratua. Presidentearen esanetan, EBZ "banku zentral independentea da, eta, jakina, besteek egiten dutenari eta bere jarduerak eurogunean eragin ditzakeen ondorioei begiratzen die, baina bere helburu eta bide propioa du". Kanpoko dependentziarik ez du nahi Lagardek, eta etxe barruan ere independente jokatu nahi du.

Banku zentralaren bi arimen arteko oreka

26 kidek osatzen dute EBZko Gobernu Kontseilua: euroguneko estatuetako banku zentralen buruak eta EBZko sei kidek, denak gizonezkoak Isabel Schnabel eta Christine Lagarde izan ezik. Ez da lan erraza Kontseilua gobernatzea. Bi arima nagusi bizi dira elkarrekin bertan: usoak eta belatzak. Moneta politika lasaiaren aldekoak, batetik, eta zorroztasuna eskatzen dutenak, bestetik. Barne oreka mantentzeko ahaleginetan dabil Lagarde etengabean.

EBZ barruan "belatzen eta usoen" arteko oreka mantendu du Lagardek: tasak leunago igoz, baina zorraren berrinbertsio programarekin lehenago bukatuz

Atzo bertan, horren adibide izan genuen. Tasen igoera gogorragoa eskatzen zuten belatzen aldeko keinua egin zuen EBZk: APP zor programaren berrinbertsioekin bukatzea uztailaren batetik aurrera. Merkatutik likidezia xurgatu nahi du EBZk, kontsumoa murrizteko, prezioak jaitsiko direlakoan. Orain arte hilero 15.000 milioi euro gutxiago berrinbertitzen zuen EBZk, baina abiadura azkartu eta 25.000 milioiraino areagotuko du murrizketa hilero. Pandemia garaian abiatutako PEPP zorraren mugaegunen ezohiko 1,7 bilioiko berrinbertsio programa, ordea, mantendu egingo du. Lagarde jakitun da orain arteko tasen gorakadak bankuen kredituaren txorrotaren jarioa asko mugatu duela eta, horregatik, "finantzaketa-baldintzen gogortzea ekonomia errealean ere islatzen den ikusi behar dela" adierazi zuen atzo.

Bankuekin kexu

Erakundearen independentziaren defendatzaile sutsua da Lagarde. EBZko bi arimen arteko lehian bezala, kanpoko eragileekin ere zorrotz agertzen da maiz. Europako finantza erakundeen kasua da. Bezeroei aurrezkiengatik ordaintzen hasteko deia entzun diegu EBZko kideei. Espainiako telebista kate batean emandako elkarrizketa batean Lagardek bezeroei bankuei gordailuengatik interesak ordaintzeko eskatzeko deia egin zien. Ez da ohikoa EBZko presidentea telebistako plato batean agertzea, eta ez da ohikoa bankuen aurka hain argi azaltzea. Kexu da Lagarde inflazio baxuko garaietan EBZk, ekonomia suspertzeko, finantza erakundeei dirua oso baldintza onetan eman zielako, tasa negatiboekin, besteak beste. Bankuek likidezia soberakinak dituzte gaur egun, merke jasotako mailegu horiei esker, eta dirua EBZn bertan gordailatzen dute, % 3,25eko interesa lortuz.

Likidezia xurgatu ahala prezioak menderatzea espero du EBZk, eta horregatik bankuentzako likidezia programaren inguruko berririk ez zuen eman

"Zerutik eroritako mozkin" horiekin bukatzeko neurriak hartu ditu EBZk. Urrian TLTRO bankuentzako baldintza oso onuragarriak dituzten epe luzeko likidezia-enkanteen baldintzak aldatu zituen bankuen ezohiko mozkin horiek mugatzeko. Enkante horietan jasotako diruaren zenbateko handi bat itzuli beharko diote EBZri ekainean: 476.800 milioi euro. Ikusteko zegoen atzo Lagardek horren inguruko berririk emango zuen, baina ez zuen bankuen likidezia bermatzeko garrantzitsua den tresna horren inguruko berririk eman. Zirkulazioan dagoen dirua murriztu nahi du EBZk moneta politikaren bidez. Moneta masak beheranzko joera hartu du azken hilabeteotan eurogunean. Likidezia xurgatu ahala prezioak menderatzea espero du EBZk, eta horregatik bankuentzako likidezia programaren inguruko berririk ez zuen eman. Erabakiak, halaber, badu bigarren helburu bat. Banku zentraletik lortutako likidezia merkea agortu ahala bezeroei dirua eskatu beharko diete bankuek, eta horretarako aurrezkia saritzen hasiko dira. Nola edo hala, bezeroei gordailuengatik ordaintzera bideratu nahi ditu Lagardek bankuak.

Tasen igoera, noiz arte?

Normaltasunek hartu zuen banku arteko merkatuak EBZren atzoko erabakia. Urtebeterako euriborra ez zen mugitu eta % 3,843an itxi zuen atzo. Tasen norabidearen isla omen da euriborra. Hala bada, datorren urterako baxuago egotea aurreikusten du banku arteko merkatuak. Hala bi urterako tasa % 3,523an dago. Igoeren bukaeratik gertu gaudela iradokitzen du, hortaz, merkatuak. Jaitsiera, baina, ez da izango igoera bezain malkartsua, bost urterako tasa % 3,011ean egonik.

Igoera gehiago espero dira, hortaz, baina Lagardek ez zuen argibide gehiagorik eman nahi izan. Hurrengo erabakiak "inflazioaren aurreikuspenetan, eta helduko diren finantza eta ekonomia datu berrietan oinarrituko direla" azpimarratu zuen

Ez du ematen Lagarde merkatuen ikuspegi horrekin bat datorrenik. Behin eta berriro aipatu zuen atzo tasa igoera gehiago etorriko direla, eta banku zentrala iritzi horrekin bat zetorrela nabarmendu zuen. "Gobernu Kontseilua bat etorri zen tasak igotzen jarraitzeko beharrari buruz", adierazi zuen atzo presidenteak. Izan ere, "aurreikuspenek diote oraindik ere inflazioak denbora luzean altuegi jarraituko duela", gaineratu zuen. Igoera gehiago espero dira, hortaz, baina Lagardek ez zuen argibide gehiagorik eman nahi izan. Hurrengo erabakiak "inflazioaren aurreikuspenetan, eta helduko diren finantza eta ekonomia datu berrietan oinarrituko direla" azpimarratu zuen. Ekainaren 15ean burutuko du EBZko Gobernu Kontseiluak moneta politika finkatzeko hurrengo bilera. Bitartean, hurrengo agerraldietan Lagardek egiten dituen adierazpenak xehe aztertu beharko ditugu, lerro artean irakurriz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK