Credit Suisse banku suitzarrak behea jo du, eta burtsetan izua zabaldu da

Espainiako burtsa %9 jaitsi da

Credit Suissen egoitza Zurichen | Argazkia: iStock Credit Suissen egoitza Zurichen | Argazkia: iStock

Silicon Valley Bank eta Signature Bank banku estatubatuarren porrotaren ondotik, Credit Suisse banku suitzarrak ere behea jo izanak izua zabaldu du burtsetan. Credit Suiseek Zuricheko burtsan dituen akzioen beherakada %20raino iritsi da, eta AEBtik Europara zabaldu da kezka. Europako bankuek %9 inguru egin dute atzera eta lau bankuk eten dute kotizazioa: Credit Suissek, Societe General frantsesak, eta Monte dei Paschi eta UniCredit italiarrek. Espainian, Sabadell %9,35 jaitsi da, BBVA %8,70, Bankinter %7,31, Santander %6,98, eta CaixaBank %6,13, Ibex 35a %4 hondoratuz.

Goiz erdian gertatu da afera, Credit Suisse banketxearen akziodun Nagusia den Saudi Arabiako Banku Nazionalak kapital gehoago emango ez diola iragarri ostean. Duela astebete, 2022ko urteroko txostena kaleratzeari muzin egin zion Suitzako bankuak, AEBko finantza erregulatzaile batek abisu teknikoa eman ostean. Gerora, ordea, finantza informazioaren barne kontrolean "ahultasuna" atzeman zuela aitortu zuen Credit Suissek. 

Egoeraren aurrean, euriborrak atzoko jaitsiera ezabatu du eta koska bat igo da, atzoko %3,858tik %3,662ra. Eguneroko datu horrek martxoko batez bestekoa %3,824an kokatzen du. Hilabetea horrela itxiz gero, 25 urterako 180.000 euroko mailegu aldakor bat, %1eko diferentzialarekin, 659 euroko kuota ordaintzetik 1.033 euro ordaintzera pasatuko litzateke. Hau da, hilean 374 euro gehiago ordaindu beharko litzateke.

Inbertitzaileek eta merkatuek AEBko finantza erakundeei begira jarraitzen dute, beste egun batez. Europako Banku Zentralak bihar izango du bilera, eta ikusteko dago interés tasak berriro igoko dituen ala ez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK