Itun Ekonomikoko Batzorde Mistoaren azken bileran lortutako akordioen berri eman du gaur goizean Noel d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak. Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean izan da, Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordea eta Mikel Erkoreka Erakundeen Baliabideetako zuzendariarekin batera.
Martxoaren 25ean hartutako erabakiek “Euskadiren finantza-egonkortasuna indartzen dute eta gure autogobernu ekonomikoa, fiskala eta finantzarioa sendotzen dute”, sailburuaren hitzetan. Akordio guztiak aho batez onartu zituzten, eta d’Anjouren aburuz, horrek agerian uzten du Batzorde Mistoak “elkarrizketarako, erakundeen arteko errespeturako eta desberdinen arteko akordiorako foroa" izaten jarraitzen duela.
Besteak beste, 2024ko kupoaren behin betiko likidazioa (1.735,6 milioi euro) eta 2025erako behin-behineko kupoaren onarpena (1.407,3 milioi euro) adostu dituzte. Era berean, 2024 eta 2025erako Enplegu Politika Aktiboen behin betiko eta behin-behineko finantzaketak adostu dira. Osasun eta gizarte arloan, EAEk Espainiako Estatuko zenbait programatan parte hartzea ere arautu da, hala nola Osasun Mentaleko Ekintza Planean edo suizidioaren prebentzioan, guztira 4,3 milioi euroko zenbatekoarekin.
Mendekotasun-sistemaren finantzaketan egindako “aurrerapausoak” ere nabarmendu ditu Ogasun sailburuak. Izan ere, alderdi horretan 2027tik aurrera Espainiako Gobernuak finantzaketaren gastuen %50 bere gain hartuko duela adostu dute bi aldeek.
Gauzak horrela, d’Anjouk batzordean aurkeztu du Gobernu Kontseiluak joan den maiatzaren 5ean onartutako Ekonomia Ituna hedatu, sozializatu eta nazioartekotzeko estrategia. Sailburuak aditzera eman duenez, “gure autogobernuaren funtsezko zutabeetako bat azaltzeko, partekatzeko eta proiektatzeko konpromiso politiko argia da”.