%2an mantendu ditu interes tasak EBZk

Euroguneko inflazioa %2,1ean geratu izanak eragin du tasetan aldaketarik ez izatea

Christine Lagarden gaurko agerraldiko irudi bat | Argazkia: EBZ
Christine Lagarden gaurko agerraldiko irudi bat | Argazkia: EBZ
2025eko abenduaren 18a - 16:02

Ezustekorik ez: interes tasetan aldaketarik ez egitea erabaki du Europako Banku Zentralak. Hala, berdin mantenduko dira EBZren hiru interes-tasa ofizialak: gordailu tasa %2an, mailegu erraztasunaren gaineko tasa %2,4an eta finantza eragiketa nagusien tasa %2,15ean. Euroguneko inflazio tasa %2,1ean geratu izana da tasak bere horretan uzteko arrazoia; ondorioz, bankuaren ustez ez da beharrezkoa diru-politika gogortzea edo lasaitzea.

 

Christine Lagarderen erakundeak datorren hiruhilekorako aurreikuspenak ere argitaratu ditu: aurten inflazioa %2,1ean mantenduko da, 2026an %1,9an eta 2027an %1,8an. Banku Zentrala ziur dago inflazioa %2ko helburuaren bueltan egonkortuko dela epe ertainera, eta euroguneko ekonomia ere indartuko dela uste du: BPGak %1,4ko hazkundea izango du aurten (uste baino bi hamarren “indartsuago”), %1,2koa 2026an eta %1,4koa 2027an.

Zerbitzuen sektorearekin, ordea, kezka adierazi dute EBZko zenbait kidek. Izan ere, zerbitzuen inflazioa %3,5ekoa izan zen azaroan, eta Lagardek esan du epe ertainera berdin jarraituko duela. Hori dela eta, 2026an tasak igotzeari buruz hitz egiten hasi dira batzuk, nahiz eta EBZk adierazi duen etorkizuneko erabaki guztiak datuen araberakoak izango direla eta tasak igotzea edo jaistea saihestu nahi duela.