Interes-tasak bere horretan uztea erabaki du Europako Banku Zentralak; %2an mantenduko dira, inflazioa egonkor dagoelako, besteak beste. Mailegu erraztasunaren tasa %2an utzi du, %2,15ean finantza eragiketa nagusien tasa eta %2,40an kreditu erraztasun marjinalarena.
Inflazioaren bilakaeran nolabaiteko kontrola erdietsita, euroguneko ekonomia hazten ari da, eta baliteke etorkizunera begira tasak maila berean mantentzea hurrengo hilabeteetan. Hala, EBZk aurreikusten du prezioak maila berean mantentzea 2027ra arte.
Christine Lagarde buru duen erakundeak erabakia justifikatu du inflazio aurreikuspenak ez direla ia aldatu argudiatuta. “Ekonomiak hazten jarraitu du, nahiz eta nazioarteko ingurune zaila izan. Lan-merkatuaren indarrak, sektore pribatuaren balantzeen sendotasunak eta Gobernu Kontseiluak onartutako interes-tasen aurreko murrizketek eragin handia izan dute ekonomia erresiliente izateko", adierazi dute ohar bidez.
Hirugarren aldiz segidan mantendu ditu tasak maila berean EBZ, eta egonkortasuna lortu badu ere, zuhurtziaz mintzatu da gaur Lagarde, nazioarteko merkataritza gatazkak eta tentsio geopolitikoak direla eta.
Ekonomiaren hazkunde aurreikuspenei dagokienez, EBZk dio euroguneko ekonomia %1,2 haziko dela 2025ean eta %1 2026an. Hori bai, bankuko adituek uste dute, 2027an, hazkunde handiagoa egon daitekeela, %1,3koa.