• FINANTZAK
  • EBZk %2raino jaitsi ditu interes tasak

EBZk %2raino jaitsi ditu interes tasak

Zazpigarren aldiz segidan jaitsi ditu tasak Europako Banku Zentralak, euroguneko inflazioa %1,9koa izan baita maiatzean. Hazkunde aurreikuspenak zertxobait murriztu ditu

Christine Lagarde, gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ
Christine Lagarde, gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ
2025eko ekainaren 5a
Eg. 2025eko ekainaren 5a

%2an da dagoeneko EBZren erreferentziazko tasa (bankuen gordailuena), mailarik txikienean 2022ko abenduaz geroztik. Europako Banku Zentralak interes tasak 25 puntu jaistea erabaki du gaur Frankfurten (Alemania) egindako bileran, Christine Lagarde erakundeko buruak azaldu duenez, "inflazioa Gobernu Kontseiluak epe ertainera ezarritako %2ko helburuaren inguruan kokatzen delako".

 

Eurostaten arabera, maiatzean %1,9ra jaitsi zen urte arteko inflazioa, EBZren %2ko helburutik behera. Hortaz, espero zen bankuak interes tasak %2ra jaistea. Hori bai, adituen arabera, uztailean, azken zazpi bileretan jaitsierak iragarri osten, bere horretan utziko ditu tasak, eta urte amaierara arte igoera bakarra espero dute, udazkenean adostu daitekeena.

Bankuen gordailuen erreferentziazko tasaz gain, birfinantzaketa-eragiketetako interes-tasak, %2,15eraino eta kreditu-erraztasuna, bankuei egun baterako ematen dien interesa, %2,40raino murriztu ditu EBZk. "Ziurgabetasunean nabigatzeko posizio onean gaude", adierazi du Lagardek, EBZren Gobernu Kontseiluak egindako bileraren ostean.

 

Horrekin batera, iazko irailean eta abenduan eta aurtengo martxoan gertatu bezala, EBZko ekonomialariek Europaren hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak murriztu dituzte, nahiz eta oraingoan aldaketa oso txikia izan den, ia hautemanezina. Euroguneko BPGa %0,9 hazi dela espero dute 2025ean, lehen bezala, 206an, aldiz, %1,1 (hamarren bat gutxiago). 2027rako aurreikuspena bere horretan utzi dute %1,3an.