EBZk beste 75 puntu igo ditu interes tasak

Euroguneko inflazioaren aurreikuspenak eguneratu ditu entitateak. 2022koa batez beste % 8,1ekoa izango dela esan du

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea | Argazkia: Europa Press Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea | Argazkia: Europa Press

Interes tasak igotzeko modu aproposari buruzko bi ikuspegi daude adituen artean: badira igoera motelagoak nahiago dituztenak, merkatuan hegazkortasunik ez izateko; eta badira igoera gogorragoa proposatzen dutenak, Europa ekonomia atzeraldian sartzea ekiditeko. Badirudi bigarren hauei egin diela kasu Europako Banku Zentralak, interes tasak %0,75 igotzea erabaki baitu azkenean. 2011tik igo gabe izan ondoren, bi hilabeteko epean %1,25.

Erabakiaren atzean, batetik inflazioa kontrolatzeko nahia dago. Izan ere, EBZk inflazioa kontrolatzeko duen tresna nagusia baitira interes tasak. Oharrean bertan jaso dutenez, baina, "epe luze batean helburuaren gainetik izango" dela aurreikusi du EBZk. Uztailean % 8,9koa eta abuztuan % 9,1koa izan da Eurogunean. Gainera, hasiera bateko aurreikuspenak egokitu ditu bankuak inflazioari dagokionez. Aurten, batez beste % 8,1koa izango dela adierazi du, 2023an % 5,5ekoa eta 2024an % 2,3koa. Bestela esanda, Europaren ikuspuntutik inflazio datu onargarria —%2koa, alegia—  izan daitekeena ez da lortuko bi urte barrura arte.

Edozein kasutan, tasak igotzea ohiko tresna da inflazioa gehiegizko eskariak sortu duenean. Kasu honetan, ordea, inflazioa eskaintzaren urritasunak sortu du. Bestela esanda, inflazioa ez da sortu jendeak gehiegi kontsumitu duelako, baizik eta eskaria asetzeko adina eskaintzarik ez delako egon.

Bestetik, euroa dolarraren aurrean ahultzeak ere tasak igotzeko premia sortzen du. AEBko Erreserba Federalak dagoeneko tasak gehiago eta azkarrago igo dituenez ibertsoreek dolarrak erosi dituzte, euroa ahulduz. EBZk tasak igoz, euroa sendotzea espero da.

Aurreikuspenak

Azken aurreikuspenen berri ere eman du EBZk eta, horien arabera, aurten %3,1 haziko da eurogunea, %0,9 2023an, eta %1,9 2024an. Energia eta elikagai freskoak aintzat hartzen ez dituen azpiko inflazioa, berriz, %3,9koa izango da aurten, %3,4koa datorren urtean, eta %2,3koa 2024ean.

Era berean, kontsumo txikiagoaren aurreikuspena ere eragina izaten ari da prezioetan. Metalaren beheranzko joera indartu egin da azken egunetan, eta petrolioaren prezioa ere merkatzen ari da. Hala, brent upela 87 dolarrean dago, ekaineko 120 dolarretik urrun.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK