EBZk hamargarren aldiz segidan igo ditu interes tasak

%4,5eraino igo ditu, azken hogei urteetako maila altuenean kokatuz. Euroguneko inflazioa eta hazkundearen artean inflazioa lehenetsi du Christine Lagarde buru duen erakundeak

EBZren gaurko agerraldia | Argazkia: EBZ EBZren gaurko agerraldia | Argazkia: EBZ

Christine Lagardek agerraldia egin du gaur, eta aurreko aldietan ez bezala, gaurkoan ez zegoen oso argi EBZk interes tasak igo edo maila berean utziko zituen. Azkenean, beste behin igotzea erabaki du EBZren Gobernu Kontseiluak, eta % 4,5ean kokatu ditu. Hortaz, udaran adostutako azken igoeratik tasak beste laurden bat igo ditu.

Inflazioa apaltzeko borrokan ari da EBZ, eta hamargarren igoera erabaki du segidan. Ekonomiaren hazkundea eta inflazioaren bidegurutzean, inflazioa lehenetsi du beste behin, beraz, tasak igoaz.

Inflazioa jaisten ari da, baina epe luzez altuegi eusten diola iritzi dio EBZk. Eurogunean inflazioa %2an kokatzea du helburu, baina EBZko adituen arabera, aurreikuspen hori 2025 arte ez da beteko. Halaber, interes tasak igoaz, finantzaketa baldintzak gogortzen ari dira, eta horrek eskaria apaltzen du. Honen ondorioz, inflazioa jaitsiko da, baina, era berean, euroguneko hazkundea zailduko du. Bada, EBZk hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak jaitsi ditu, eta orain euroguneko ekonomia 2023an %0,7 haziko dela uste du, 2024ean %1 eta 2025ean %1,5.

Kontseiluaren bilera ostean, Christine Lagardek EBZko presidenteak hitz egin du hedabideen aurrean, eta inflazioa %2ra jaisteko lanean irmo jarraituko dutela jakinarazi du. Dena den, tasen igoerak dakarren hazkunde geldoak, eurogunea atzeraldiaren atarian jar dezakeela jakitun da. Hala, interes tasen azken igoera izan daitekeela dirudi, azken hogei urteetako maila altuenetan baitaude gaur-gaurkoz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK