• FINANTZAK
  • EBZk interes tasak igo ditu lehen aldiz hiru urtetan

EBZk interes tasak igo ditu lehen aldiz hiru urtetan

25 puntu igo ditu tasak, inflazioari aurre egiteko asmoz. Maiatzean %3,2raino igo da inflazioa eurogunean

Argazkia: EBZ
Argazkia: EBZ
2026ko ekainaren 11 - 16:41

Esperotakoa bete du EBZk, eta interes tasak igo ditu lehen aldiz hiru urtetan, azken hilabeteetan gora egin duen inflazioa beheratu asmoz. Gordailuen tasa 25 puntu igo du, %2,25eraino, finantza eragiketa nagusiena %2,40raino eta mailegu erraztasunarena %2,65eraino.

 

2023ko irailean igo zituen tasak azken aldiz Frankfurteko erakundeak, %4ean utzi zituen orduan, baina harrezkeroztik tasak jaitsi edo maila berean mantendu ditu, inflazioa kontrolatuta izan baitu.

Ekialde Hurbileko gerrak eta Ormuzko itsasartearen itxierak, ordea, hornikuntza kateak astindu, energia prezioak garestitu eta inflazioa hauspotu du nazioartean, EBZren azken datuen arabera, maiatzean %3,2raino. Bilakaera horrek bultzatu du Christine Lagarde buru duen erakundea tasak berriro ere igoaraztea; hala aitortu du Lagarde berak bilera osteko agerraldian.

 

EBZ izan da nazioartean interes tasak jaitsi dituen lehen banku zentrala. AEBetako Erreserba Federalak edota Ingalaterrako Bankuak tasak bere horretan mantendu dituzte oraingoz. Lagardek adierazi du merkatuen bilakaera arreta handiz jarraituko dutela, eta ez du baztertu hurrengo bileretan tasak igotzen jarraitu behar izatea. Interes tasak igotzeak euroguneko ekonomiaren hazkundea moteldu dezake, baina EBZk ez du inflazioaren gaineko kontrola galdu nahi.