EBZren bilera: tasen azken igoera, ala azken aurrekoa?

Erreserba Federalak "su etena" iragarri zuen atzo eta tasak ez igotzea erabaki zuen. Gaurkoan EBZk du hitzordua eta merkatuek tasak igotzea espero dute. Ez dago argi, ordea, azken edo azken aurreko igoera izango den

Christine Lagarde | Argazkia: EBZ Christine Lagarde | Argazkia: EBZ

2022ko uztailean ekin zion Europako Banku Zentralak interes tasen goranzko bideari eta dagoeneko zazpi aldiz igo du diruaren prezioa, % 3,75era arte. Inflazioa menderatzea du helburu Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak eta % 2aren inguruan kokatu arte moneta politikak ematen dituen tresna guztiak erabiliko dituela irmo defendatu du hainbatetan, beti ere ekonomiak eusten duen bitartean.

Gaurko bileran Euroguneko ekonomiaren osasunari azterketa egingo diote EBZko kideek. Diagnostikoak bilera ostean Lagardek egingo duen agerraldiaren ildoa markatuko du. Ondoren igoeretan etena egongo ote den edo hurrengo bilerarako igoera gehiago espero behar dugun ulertzeko xehe aztertu beharko ditugu Lagarden hitzak.

Ez da espero sorpresa handirik gaurko EBZko bileran. Maiatzeko bileran Lagarden taldeak arriskuak kontrolpean izateko tasen igoeren sakontasuna lausotu zuen eta tasak 25 puntutan baino ez zituen igo. Christine Lagarde presidenteak eta Luis de Guindos presidente ordeak iradoki zuten hurrengo neurriak puntu laurdenekoak izango zirela. Hori da gaurko espero dena.

Inflazioa lausotu, baina BPGa behera

Europako ekonomiari buruzko azken datuek inflazioaren gorakadari buelta eman zaiola islatzen dute, nahiz eta oraindik EBZren helburutik urrun egon. Aste honetan Euroguneko estatu nagusien datuak ezagutu ditugu. Alemanian inflazioak, esaterako, % 0,1 egin zuen atzera maiatzean aurreko hilabetearekin alderatuta. Jaitsiera nabaria ez bada ere, joera aldaketa izan liteke, apirilean % 0,4 gora egin baitzuen. Espainiar estatuan hileko KPIa berdin mantendu zen, aurreko hilean % 0,6 gora egin eta gero. Gaur ezagutuko dugu Frantziako inflazioaren datua baina aurreikuspen guztien arabera % 0,1 egin lezake atzera. Datu horiek eskutan izanda hartuko dute erabakia eta inflazioaren joera ikusita ez da neurri gogorragorik ikusten.

Inflazioarena ez da banku zentralaren kezka bakarra. Lagardek behin baino gehiagotan aipatu du oreka puntua topatu nahi duela, inflazioa menderatuko duena ekonomia kaltetu barik. Hori da, hain zuzen ere, zalantza gehien pizten duen afera. Euroguneko ekonomiak bi hilabetez jarraian atzera egin eta gero atzeraldi teknikoan sartu da. Alemaniaren eragina nabaria da, hango ekonomia ere egoera berdinean dagoelako. Energiaren prezio altuek eta interes tasen gorakadak kontsumoan izandako eragina egon litezke atzeraldi horren atzetik. Industria izan da moteldu den sektorerik nagusiena eta zerbitzuen alorraren garrantzi handia duten ekonomiak dira hazkunde estimazio onenak dituztenak.

Inflazioa zerbait lausotu bada ere, euroguneko ekonomia atzeraldi teknikoan sartu izana kezka iturri ere bada EBZrentzat

Asteartean ekaineko Alemania eta Europako ZEW inbertitzeko-konfiantza indizeak publikatu ziren. Ekonomiaren aurreikuspenen inguruko hautemateak biltzen ditu indize honek eta Alemaniaren kasuan esperotakoa baino nabarmen okerragoa izan da. Europaren kasuan, aldiz, esperotakoa baino zertxobait hobea izan da, baina hala ere emaitza negatiboa eman du. Ekoizpen industrialaren indizea ere, urte arteko datuetan, esperotakoa baino okerragoa izan da. Merkatuek % 0,8 espero bazuten ere, datu erreala % 0,2koa izan da. 

Bada zalantza handia moneta politikak ekonomiaren okertzean izandako eraginaren inguruan. Energiaren garestitzeak gogor kolpatu du Euroguneko industria sektorea baina interes-tasen gorakada malkartsuek ere garrantzia izan dute. Kontsumorako joerak argi islatzen dute kontsumitzaileak aisialdian baino ez direla gastatzen ari. Tasa altuek etxebizitzen salerosketak gelditu ditu eta ehungintzaren alorrean ere salmentak ez dira espero bezala joaten ari. Horren adibide da saltokiek merkealdia aurreratu izana. Gauzak horrela profil baxuko bilera espero da gaur, tasek puntu laurdenean gora eginda. Igoerak uztailean segida izango duen jakiteko Lagarden hitzen zain egon beharko gara. 

Merkatuek igoera aurreikusi dute

Azken urtean 375 puntu igo eta gero, merkatuek oraindik igoera gehiago espero dute. Interes tasen gaineko futuruen merkatuak horrela islatzen du. Urtebeterako euribor banku arteko erreferentziako indizea aspaldi hasi zen gaur EBZk finkatuko duen % 4ra hurbiltzen. Atzoko negoziazioan, esaterako,  % 3,944ra heldu zen.

Interes tasen bilakaeraren inguruko beste termometroa zor publikoaren merkatua da. Hala, asteartean burutu zen Espainiako Altxor Letren azken enkantea eta 9 hilerako letren errentagarritasuna % 3,46ra heldu zen, aurreko hilean baino 24 puntu gehiago. Antzeko bilakaera izan du Frantziako zor publikoak. Urte erdirako zor publikoak % 3,274ko errentagarritasuna eman zuten maiatzaren 5eko enkantean. Aste honetan, aldiz, % 3,41era heldu da.

Eta etorkizunean zer?

Ohikoa da munduko banku zentral nagusiek norabide berean hartzea. Horrek ez du esan nahi une berean erabaki bertsuak hartzen dituztenik. Kanadako eta Australiako Bankuek duela hilabete batzuk erabaki zuten interesen tasen igoerak izoztea. Azken bileran, aldiz, tasak berriro igotzea erabaki zuten, inflazioa oraindik menderatu gabe zegoelako.

Atzo AEBko Erreserba Federalak, duela hilabete batzuk Kanadak eta Australiak egin bezala, tasak ez igotzea, eta % 5 eta % 5,25 bitartean uztea erabaki zuen. Erabakia azaltzeko emateko prentsa agerraldian Jerome Powellek nabarmendu zuen itxaroteko eta, batez ere, ekonomiaren portaera aztertzeko unea dela. 

AEBko inflazioa 2021eko apirileko mailara heldu bada ere oraindik Erreserba Federalen helburuetatik urrun dago. Badira, gainera, etenaldirako beste arrazoi batzuk. Alde batetik Powellek zuzentzen duen erakundea kezkatuta dago moneta politikaren inguruko neurriek bankuen alorrean izan duten eraginaz. Bestalde, azken hilabeteetan tamaina ertaineko hainbat bankuk (SVB, Signature Bank edo First Republic...) porrot egin izanak eta AEBko zorraren maila igotzeko errepublikarren eta demokraten arteko negoziazioak muturrera eraman izanak ekonomiari nola eragin dion aztertu nahi dute.

Banku zentralen estrategia antzerakoak izaten dira munduko eskualde nagusietan, baina epeak ezberdinak izaten dira

Erreserba Federaleko presidentearen arabera, gertaera bakoitzaren ondorioak tasak puntu laurden batean igotzearen parekoak izan litezke. Horregatik, momentuz, su etenaren garaia dela deritzo Powellek, nahiz eta zuzendaritzako beste kide batzuk tasak berriro igotzeari ekin nahi dioten ahalik eta azkarren.

Banku zentralen estrategia antzerakoak izaten dira munduko eskualde nagusietan, baina epeak ezberdinak izaten dira. Ikusteko dago gaurkoa EBZren azken igoera den, gaur gaurkoz, edo uztailera arte itxaron beharko dugun etenaldia ikusteko. Balizko kasu horretan ere, su etenak zenbat iraungo duen asmatzea ez da erreza izango.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK