Efficek eta Kutxabankek etxebizitzen hobekuntza energetikoaren finantzaketan lagunduko dute

Eskaintzen duten finantzaketa obren aurrekontuaren %100era irits liteke

Effic eta Kutxabanken arteko sinadura | Argazkia: Kutxabank Effic eta Kutxabanken arteko sinadura | Argazkia: Kutxabank

Efficek, energia eraginkortasunaren helburuarekin etxebizitzak birgaitzeko Anticipa Real Estate eta Aliseda higiezin enpresaren negozio unitateak, akordio berri bat sinatu du Kutxabankekin eta bere filiala den Cajasurrekin. Akordio horren arabera, Next Generation funts europarren esparruan eraberritzeak kudeatu nahi dituzten etxejabeen erkidegoei eta partikularrei finantzaketa lortzea erraztuko diete.

Hala, Kutxabankek eta Cajasurrek finantzaketa baldintza batzuk eskainiko dizkiete Efficeko bezeroei, obraren aurrekontuaren %100eraino irits daitekeen mailegu baten bidez. Mailegu horren abal gisa Europako dirulaguntza erabil daiteke, eta gehienez ere 15 urteko epean ordaindu. Dirulaguntza horrek obraren kostuaren %80 estal dezake, birgaitzearen ondoren lortzen den energia eraginkortasunaren arabera.

Efficen arabera, eraberritzeek eta energia eraginkortasunari lotutako hobekuntzek %10eraino handitu dezakete higiezinen balioa. Era berean, aldaketa horrek jabeei ahalegin ekonomiko txikia eskatzen diela uste du, Europako funtsek diruz lagundutako zatiari eta finantzaketa erraztasunei esker. “Hitzarmen berri honi esker, Europako funtsen onurak eta aukerak gero eta gehiago hurbilduko zaizkie herritarrei, baita finantzaketaren bidez ere, eta, bereziki, birgaitzea gero eta beharrezkoagoa den testuinguru batean, Espainiako etxeen % 80k kalifikazio energetiko baxua baitute”, adierazi du Eduard Mendiluce Anticipa Real Estate eta Alisedako kontseilari delegatuak.

Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko xehekako sareko zuzendariak dioenez, “Kutxabankentzat, akordio hau beste neurri bat da, karbonorik gabeko ekonomiarako trantsizioa babesten duen gure banka-eredu arduratsuarekin bat datorrena. Izan ere, azken urteetan etxebizitza eraginkorren eraberritzeak eta erosketa errazten dituzten finantza-produktuak merkaturatzearen alde egin du, baita ibilgailu eta etxetresna elektriko ekojasangarriak erostearen alde ere”.

Efficek hasitako eta Kutxabank Taldeak finantza ditzakeen jarduketen artean daude energia eraginkortasuna hobetzea, hala nola fatxada eta estalkia eraberritzea, eraikinen isolamendua hobetzea eta leihoak aldatzea, aerotermia eta geotermia, galdarak eta igogailuak ordezkatzea, LED argiztapena eta kostu energetikoen banagailuak instalatzea, edota irisgarritasuna hobetzeko obrak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK