Egoera baretu egin da burtsetan eta 8.833 punturaino igo da Ibex 35a

Eguna %0,6ko galerekin hasi badu ere, egoerari buelta eman dio orduek aurrera egin ahala

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ibex 35ak %0,6ko galerekin hasi du astea, 8.666,27 puntuan baitzegoen goizeko lehen orduan. Banketxeak izan dira galera gehien izan dituztenak: Sabadellek %4,43ko galerak izan ditu; Unicajak %3,54koak; Caixabankek %2,96koak; Santanderrek %2,85ekoak; Bankinterrek %2,4; eta BBVAk ere %2,17 egin du behera. Banketxeek ez ezik, Arcelor Mittalek ere %2,56an galdu du balioa, eta Repsolek ere %2,35eko beherakada izan du.

Aitzitik, soilik zazpi balorek hasi dute eguna positiboan: Red Electricak (%0,88), Indrak (%0,67), Iberdrolak (%0,34), Enagasek (%0,26), Accionak (%0,25), Endesak (%0,16) eta Naturgyk (%0,11).

Baina egunak aurrera egin ahala, egoera irauli egin da, eta Ibex 35ak %1,31ko igoera izan du, 8.833 punturaino igota.

Europako burtsek ere antzera ekin diote eguneko jardunari: %1,64ko galerak izan ditu Milango burtsak; %1,09koak Londreskoak; %0,97koak Frankfurtekoak; eta %0,89ko galerak izan ditu Parisko burtsak. Egunak aurrera egin ahala, berriro igo dira.

Credit Suissen akzioek ere jaitsiera handia izan dute Zuricheko burtsan, %64koa, eta UBSren akzioak ere %8,7 jaitsi dira.

UBS bankuak Credit Suisse erosiko duela iragarri izanak eragin zuzena izan du burtsek eguna makal hastean. Hala ere, Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak lasaitasun mezua zabaldu du, EBZ euroaren eremuko finantza egonkortasuna zaintzeko prest dagoela adieraziz. Hain zuzen ere, mezu horren ostean itzuli dira burtsak berriro bere onera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK