Beheranzko joera nagusitu da munduko burtsa nagusietan. Azken egunetan errenta aldakorreko merkatuetan ematen ari diren jaitsierek beheranzko joeren mehatxua ekarri dute Urtea hasi zenetik galerak % 25era heldu dira Nasdaq merkatuan, % 11, 26 Dow Jonesen eta % 17,94 Eurostoxxen. Frantziako erreferente nagusiak, CAC40 indizeak, % 15 galdu du eta Espainiakoak, Ibex35ak % 5,13.
Pasa den asteko Erreserba Federalaren eta Ingalaterrako Bankuaren interes tasen gorakaden ondoren munduko merkatu nagusietan jeitsierak hasi ziren, errenta finkoko merkatuak, kriptodibisek eta burtsak gorriz jantziz. Beheranzko joera nagusi honetan adituek ez dute baztertzen erreboterako aukerak ematea.
AEBtako ekonomiak lehen hiru hilekoan atzera egin eta gero izua hedatu da inbertsoreen artean. Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei Txinako portuen egoera gehitu zaio. Koronabirusaren aldaera berriari aurre egiteko hartutako neurri zorrotzen ondorioz bertako portu nagusiak blokeo egoeran daude eta horrek hornidura kateen krisi berria eragin lezake. Guzti horren ondorioz mundu mailako atzeraldi berri baten mamuak indarra hartu du berriro ere. Duela hiru aste Nazioarteko Diru Funtsak Europako hainbat herrialde atzeraldian sartzeko aukera bazegoela adierazi zuen. Alemania, Europako lehen ekonomia, horietako bat zen.
Inflazioari eusteko interes tasen igoeren ondorioz kontsumoa murrizteko arriskua gero eta nabariagoa da. Horregatik merkatuek xehe aztertuko dituzte argitaratzen diren datu makroekonomiko guztiak. Gaur AEBko txikizkako salmenten joera neurtzen duen Redbook indizea publikatuko dute eta Europan Alemaniako enpresen konfindatza indizea eta Italiako industria produkzioaren datua ere ezagutuko dugu.