• FINANTZAK
  • Elkargik %5 murriztu du enpresei eskainitako finantzazioa urteko lehen hilabeteetan

Elkargik %5 murriztu du enpresei eskainitako finantzazioa urteko lehen hilabeteetan

Finantza erakundeak azaldu du “enpresen egoera ekonomiko ahulak" eragin duela inbertsioaren beherakada

Zenon Vazquez eta Lander Arteche | Argazkia: Elkargi
Zenon Vazquez eta Lander Arteche | Argazkia: Elkargi
2026ko maiatzaren 29a - 11:11
Eg. 2026ko maiatzaren 29a - 13:52

2026ko lehen lau hilabeteetan 163 milioi euroko finantzazioa eskaini du Elkargik, eta finantzazio horren %33,8 enpresei egin die, 2025ean baino ia bost puntu gutxiago. Finantza erakundearen arabera, datu horrek agerian uzten du “enpresen egoera ekonomiko ahula”, batik bat, ziurgabetasun egoeraren ondorioz. Finantza erakundeak batzar orokorra egin du gaur goizean Donostian, eta zenbait datu ekonomiko eskaini ditu.

 

Egungo egoera geopolitiko ezegonkorrak eskaeren zorroa murriztu eta marjinak estutu dituela nabarmendu du Elkargik. Zirkulatzailearen kapituluan finantzaketa 61,7 milioi eurokoa izan da, hau da, guztizkoaren %38,3. Gainerako %27,9 abal teknikoak dira (45 milioi euro), enpresa txiki eta ertainek lizitazio eta kontratuetan parte hartzeko funtsezkoak.

Lurraldeka, 60 milioi euroko finantzazioa jaso du Bizkaiak, Gipuzkoak 48,2, Arabak 20,6 eta Nafarroak 19,5. Halaber, Madrilgo bulegoaren bidez 12,6 milioi euro mobilizatu dituzte.

 

Sektoreei dagokienez, finantzaketaren zati handiena industriara joan da: 50 milioi euro. Eraikuntzak 14,1 milioi eta ostalaritzak 5,8 milioi jaso zituzten, besteak beste. Gauzak horrela, Elkargik 1.620 enpresekin egin du lan azken lau hilabeteetan.

Lander Arteche presidenteak eta Zenon Vazquez zuzendari nagusiak eskaini dituzte datuok. Artechek finantza erakundearen bilakaera eta 2027an amaituko den plan estrategikoaren aurrerapena aipatu ditu.

Biek nabarmendu dute nazioartekotzea dela Elkargiren kezka nagusietako bat. Egoera horren aurrean, Elkargik enpresa txiki eta ertainentzako nazioarteko finantzaketa eta laguntza zerbitzua indartu du, Kreditu Ofizialeko Institutuarekin (ICO) akordio bat sinatu duelarik, eta 750 milioi euroko finantzaketa-lerroa jarriko du martxan.