• FINANTZAK
  • Elkargik lau milioi eurorainoko gordailuak eskainiko ditu Hego Euskal Herriko ETEentzat

Elkargik lau milioi eurorainoko gordailuak eskainiko ditu Hego Euskal Herriko ETEentzat

Finantza erakundeak "zor funts" bat sortu du Espainiako Kenta Capital funtsaren laguntzarekin. 50 milioi euro izango dituzte orotara, eta inbertsiogileen artean Mirai korporazioa dago

Zenon Vazquez (Elkargi) eta Borja Bertran (Kenta Capital) | Argazkia: Elkargi
Zenon Vazquez (Elkargi) eta Borja Bertran (Kenta Capital) | Argazkia: Elkargi
2025eko irailaren 10a - 13:46

Elkargik, Kenta Capital funts espainiarrarekin batera, lau milioi eurorainoko gordailuak eskainiko dituela iragarri du, “baldintza lehiakorretan” eta “bullet egiturarekin”. Hego Euskal Herriko enpresa txiki eta ertainen hazkundea bultzatzea izango dute helburu gordailuok, zeinak zor funts baten bidez kudeatuko diren.

 

“Merkatuko lehen funtsa da finantzaketa eskaintzen duena honako baldintza hauetan: eragiketa-tamaina, amortizazio-formatua eta prezio lehiakorra, tokiko ikuspegi espezifiko batekin”, adierazi du Elkargik gaur Bilbon egindako agerraldian.

Zehazki, 50 milioi euro arteko diru-sarrerak dituzten enpresetara bideratuko dira gordailuak. Industria sektoreko enpresak lehenetsiko dira, nahiz eta zerbitzu-konpainiei ere laguntzeko aukera ez duten baztertu.

 

Funtsak 50 milioi euro izango ditu guztira, eta Mirai Investments korporazioa, Kutxabank edota Unicaja erakundeak daude inbertitzaileen artean. Kenta Capital, funtsaren aholkulari gisa arituko da. Kutxabankek, Unicajak, Miraik eta tokiko gainerako inbertitzaileek, Hego Euskal Herriko ingurune ekonomikoari buruz duten ezagutzarekin lagunduko dute, eta Elkargik mailegu bakoitzaren bermatzaile gisa jardungo du.

Borja Bertran Kenta Capitaleko kideak zera esan du funts berriaren inguruan: “EAEko eta Nafarroako enpresa-sarearen garapenean parte hartzeko aukera ematen digu, Elkargi eta Mirai bezalako funtsezko bazkideekin lankidetzan arituz. Funts honen bidez, enpresa txiki eta ertainen hazkundeari lagundu nahi diogu, haien garapenerako motor gisa kokatuz ".

Bertranekin batera, Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari Nagusia izan da gaurko aurkezpenean. “Funts hori martxan jarrita, enpresen eta, zehatzago esanda, enpresa txiki eta ertainen eskura jartzen dugun finantzaketa-soluzioen sorta zabaldu eta indartzen dugu”, adierazi du.