• FINANTZAK
  • Enpresen balorazioa, talentu finantzario berriaren giltza

Enpresen balorazioa, talentu finantzario berriaren giltza

Euskal enpresek hazteko, salerosteko, belaunaldi aldaketak egiteko edo inbertsioa erakartzeko behar duten hizkuntza da balorazioa. Eta hizkuntza hori hemen ikasten bada, hemen erabiltzeko aukera handiagoa izango dela argi du Artizarra Fundazioak

Artizarra Fundazioak eta DBSk antolatutako Valuation Summer Campen bigarren edizioa aurki hasiko da | Argazkia: utzitakoa
Artizarra Fundazioak eta DBSk antolatutako Valuation Summer Campen bigarren edizioa aurki hasiko da | Argazkia: utzitakoa
Helena Menayo
Komunikazioan aditua
2026ko ekainaren 17a - 05:30

Enpresa batek milioi bat euro fakturatzen badu, milioi bat euro balio du? Galdera tranpatia da, baina hortik abiatzen da valuation edo enpresen balorazioaren garrantzia. Finantza eta inbertsio munduan ohikoa da terminoa, baina ez da beti ezaguna graduatu berrientzat, ezta herritar xumeentzat ere.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Funtsean, valuation edo balorazioa enpresa batek ekonomikoki zer balio izan dezakeen aztertzeko metodologia da. Baina ez da kalkulu hotz bat bakarrik: konpainiaren egoera, ibilbidea, aktiboak, bezero eta hornitzaileekin duen harremana, sektorearen bilakaera eta etorkizuneko aukerak mahai berean jartzea eskatzen du.

Balorazioa enpresa batek ekonomikoki zer balio izan dezakeen aztertzeko metodologia da. Baina ez da kalkulu hotz bat bakarrik

Horregatik, enpresa baten balioa ez dator beti bat haren tamainarekin, fakturazioarekin edo kontabilitate-balioarekin. Leire Etxebeste Artizarra Fundazioko proiektu zuzendariak azaldu bezala, fakturazioa argazki bat izan daiteke; balorazioak, ordea, filma ulertzea eskatzen du. “Enpresa batek fakturazio handia izan dezake, baina sektoreak beheranzko aurreikuspenak baditu, balorazioa bestelakoa izango da. Eta kontrakoa ere gerta daiteke: gaur egun gutxi fakturatzen duen enpresa batek proiekzio handia izan dezake epe labur edo ertainean”. Hau da, balioa ez dago gaurko zenbakietan bakarrik; biharko agertokietan ere badago.

 

Ikuspegi hori gero eta estrategikoagoa da Hego Euskal Herriko enpresa sarearentzat. Enpresa familiarraren pisua handia da, eta belaunaldi erreleboak, salerosketak edo bazkide berrien sarrerak geroz eta ohikoago bihurtzen ari dira. Aldi berean, start-up eta ekintzailetza proiektuen inguruan ekosistema biziagoa sortzen ari da. Egoera horietan guztietan galdera bera agertzen da: zenbat balio du enpresak, eta nola justifikatzen da balio hori?

Gazte batek enpresen balorazioa ulertzen badu, aukera gehiago izango ditu finantza korporatiboan, inbertsioan edo kudeaketa estrategikoan bidea egiteko

Etxebesteren arabera, balorazioa ez da eroslearen edo inbertitzailearen tresna bakarrik. Enpresariarentzat ere ezinbestekoa da. Enpresa bat erosi, saldu, haren zati bat delegatu edo bazkide berriekin negoziatu behar denean, balioaz hitz egiteko tresnak behar dira. Ezagutza horrek negoziazio gaitasuna ematen du; bestela, finantza hizkuntza menperatzen duen eragile baten aurrean desabantailan gera daiteke.

Testuinguru horretan kokatzen da Artizarra Fundazioak eta Deusto Business Schoolek antolatutako Valuation Summer Camp udako eskola. Ikastaroa karrerako azken urtean dauden ikasleei eta graduatu berriei zuzenduta dago, eta helburua enpresen balorazioari buruzko ezagutza praktikoa eskaintzea da. Ez da finantzen inguruko prestakuntza orokor bat, alor zehatz bati buruzko pildora espezializatu bat baizik. Etxebesteren hitzetan, gazteak finantza gaietan sentsibilizatzea da lehen helburuetako bat: “Askotan finantzak ibilbide profesionalean beranduago ezagutzen dira, kasualitatez departamentu batean amaitzen duzulako edo pixkanaka gustua hartzen diozulako”.

Leire Etxebeste (Artizarra): “Gure helburua talentua hemen errotzea eta hemengo enpresetara erakartzea da”

Artizarraren ikuspegitik, ekimena bete-betean dator bat fundazioak talentuarekin, ekintzailetzarekin eta garapen jasangarriarekin duen konpromisoarekin. Hain zuzen ere, talentuaren esparruan, prestakuntza funtsezko tresna da, eta Artizarra lanean ari da Hego Euskal Herriko enpresa sarea eta bertako finantza- eta inbertsio-ekosistema indartzea ahalbidetuko duten duten profesionalak prestatzeko. “Gure helburua talentua hemen errotzea eta hemengo enpresetara erakartzea da”, azaldu du Etxebestek. Lurraldeko enpresa eta finantza ekosistema indartu nahi bada, ezin da talentua kanpoan sortu eta gero faltan bota. Ezagutza hemen ere eraiki behar da.

Azken urteetan aldaketa nabarmena gertatzen ari da. Etxebesteren arabera, Euskadin finantza sektore pribatua garatzen hasi da, orain arte jarduera horren zati handi bat Madrilen eta Bartzelonan kontzentratuta egon baita. Orain, inbertsio funtsak, kudeatzaileak, finantzaketa tresna berriak eta enpresa operazioak ugaritzen ari dira gure herrialdean. Ekosistema berria sortzen ari da, baina enpresekin batera profil espezializatuak ere behar dira.

Horregatik, ikastaroaren balioa ez dago soilik parte hartzaile bakoitzaren curriculumean. Gazte batek enpresen balorazioa ulertzen badu, aukera gehiago izango ditu finantza korporatiboan, inbertsioan, aholkularitzan, enpresa pribatuan edo kudeaketa estrategikoan bidea egiteko. Baina, aldi berean, lurraldeko enpresek ere irabazten dute: hizkuntza hori ulertzen duten profesional gehiago izango dituztelako eskura.

Duela gutxi arte halako prestakuntza espezializatua lortzeko kanpora begiratu behar bazen ere, gaur egun hemen bertan ari da sortzen

Udako eskolak akademiaren eta enpresa munduaren arteko zubia ere eraiki nahi du. Deustorekin egindako lankidetzak aukera ematen du gazteengana heltzeko eta enpresen beharrak hobeto irakurtzeko. Horrela, prestakuntza ez da hutsean diseinatzen; merkatuaren tenperatura hartuta baizik. Harreraren erakusle da ikastaroaren bilakaera bera. Iazko edizioaren balorazioak oso onak izan ziren, eta aurtengoan izen-emateak astebetean agortu dira. Horrek erakusten du gaiak baduela interesa eta badagoela espezializatzeko gogoa.

Artizarran dagoeneko hausnartzen ari dira etorkizunean eskaintza handitu edo errepikatzeko aukeraz. Duela gutxi arte halako prestakuntza espezializatua lortzeko kanpora begiratu behar bazen ere, gaur egun hemen bertan ari da sortzen.

Etxebestek zehaztasun bat egin du, hala ere: Artizarrak errotzea aipatzen duenean ez du lurraldea ixtea esan nahi. Ez da gazteak kanpora joan ez daitezen jartzen den hesia. Kontrakoa: kanpoko esperientziak aberasgarriak izan daitezke. Errotzea, fundazioaren ikuspegitik, lurraldearekiko sentsibilitatea eta konpromisoa da. Helburua ez da talentua geldiaraztea, baizik eta bermatzea lurraldeak ez dezan ezagutza defizitik izan.

Azken batean, enpresa baten balioa ez da soilik salmenta batean behar den zenbaki bat. Balorazioak erakusten du nola ulertzen diren enpresak, arriskuak, aukerak eta etorkizuneko agertokiak. Euskal enpresek hazteko, salerosteko, belaunaldi aldaketak egiteko edo inbertsioa erakartzeko behar duten hizkuntza da. Eta hizkuntza hori hemen ikasten bada, hemen erabiltzeko aukera handiagoa izango da. Horregatik, enpresen balorazioa ez da finantza ariketa hotz bat bakarrik: datozen urteetako enpresa ekosistema eraikitzeko gaitasun estrategikoa da.