Erreserba Federalak 25 puntu igo ditu interes tasak, bankuen krisia alde batera utzita

Interes tasak %5ean kokatu dira, 2007az geroztik izandako mailarik altuenean

Erreserba Federalaren egoitza Washington D.C.n | Argazkia: iStock Erreserba Federalaren egoitza Washington D.C.n | Argazkia: iStock

Bi eguneko bileraren ostean, interes tasak berriro igotzeko hautua egin du Estatu Batuetako Erreserba Federalak, beste 25 puntu igoko dituela iragarri baitu. Gauzak horrela, %5ean kokatu dira, 2007az geroztik izandako mailarik altuenean. Herrialdeko bi bankuren kolapsoak eta hirugarren baten erreskateak eragindako krisiari entzungor egin dio hala Jerome Powellek zuzentzen duen erakundeak.  

Izan ere, Silicon Valley Banken (SVB) porrota tarteko, esku hartu behar izan zuten AEBko erakundeek, eta izua eragin zuten AEBko merkatuetan zein Europakoetan. SVBren krisia lehertu zenean, ekonomialariek uste zuten Erreserba Federalak balazta zapalduko zuela, eta tasak igo gabe, merkatuei lasaitua emango ziela. Hala ere, egunak joan ahala, gero eta analista gehiago izan dira interes tasak berriro igoko dituztenaren susmoa hartu dutenak, eta halaxe gertatu da.

Azken igoera honekin, urtebetean izan duten bederatzigarren gorakada izan dute interes-tasek AEBtan, baina Erreserba Federalak aurreratutakoa baino igoera txikiagoa izan da oraingoan.

Informazio gehiago
Lehman Brothersetik SVBra: izua bueltan da finantza merkatuetan
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK