Erreserba Federalak inflazioari aurre egiteko estretegia berretsi du eta tasak 50 puntu igo ditu. Estatu Batuetako ekonomiak lehen hiruhilekoan % 1,4 atzera egin eta gero jakinmina zegoen interes tasen igoerari eutsiko ote zion. Erabakia aho batez hartu du Merkatu Irekiko Batzordeak (FMOC).
Jerome Powell Erreserba Federaleko presidenteak tasen igoera sendoa egiteko aukera mahai gainean zegoela esana zuen, eta hala izan da. Azken 22 urteotan egindako igoerarik handiena izan da. Orain arte ohikoena 25 puntutan igotzea izan da.
Enplegu datu onak dituzte Ameriketako Estatu Batuek. Azken hiruhilekoaren hazkunde negatiboak kezka sortu badu ere, ekonomia sendo dagoela uste du Erreserba Federalak. Inflazioa, ordea, azken urteotako tasarik altuenean dago, % 8,5 martxoan. Inflazioaren gorakadak kontsumoa moteldu eta ekonomia atzeraldi teknikoan sartzearen beldur da Erreserba Federala eta horregatik interes tasak igo ditu.
2022an zehar Erreserba Federalak beste bost igoera gehiago burutzea espero du merkatuak. Hurrengo bilera ekainean burutuko du. Bertan aurreikuspenak eguneratuko ditu eta baliteke beste igoera bat burutzea. Powellek ez du baztertu atzokoaren neurri berekoa izatea.