• FINANTZAK
  • Espainiako Gobernuak erabaki du BBVA eta Sabadellen arteko bat-egitea hiru urte atzeratzea

Espainiako Gobernuak erabaki du BBVA eta Sabadellen arteko bat-egitea hiru urte atzeratzea

Ministroen Kontseiluak eragiketa onartu du, baina bi entitateak independenteak izaten jarraituko dute hiru urtez gutxienez. Interes orokorrak babestu nahi dituztela adierazi du Carlos Cuerpo ekonomia ministroak

Carlos Cuerpo Espainiako Diputatuen Kongresuan | Argazkia: Jesus Helli / Europa Press
Carlos Cuerpo Espainiako Diputatuen Kongresuan | Argazkia: Jesus Helli / Europa Press
2025eko ekainaren 24a - 15:12

Espainiako Gobernuak hainbat baldintza jarri dizkio BBVAk Sabadell erosteko indarrean dagoen EEP Erosketa Eskaintza Publiko oldarkorrari. Ministroen Kontseiluak eragiketa onartu du gaur, baina bi bankuak ezin izango dute bat egin datozen hiru urteetan, hau da, entitate independente bezala jardungo dute, orain arte bezala.

 

“Ministroen Kontseiluak BBVAren eta Banco Sabadellen arteko operazioa baimentzea erabaki du, baldin eta datozen hiru urteetan bi erakundeek izaera juridikoa eta ondarea bereizita mantentzen badituzte”, azaldu du Carlos Cuerpo ekonomia ministroak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Behin hiru urte horiek igarota, Ministroen Kontseiluak bi entitateak zein egoeratan dauden aztertuko du, eta aukera izango du baldintza beste bi urtez luzatzeko. “BBVA gai izango da bat-egitea eskatzeko, ezarritako baldintza erabat betetzen denean", baieztatu du Cuerpok.

 

Espainiako Gobernua hilabete luzez aritu da eztabaidatzen. Espainiako ekonomia ministerioak erabakia Ministroen Kontseilura eraman zuen, interes publikoan izan zezakeen eragina ikusita. Aurretik CNMC Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak onartu zuen eragiketa eta EBZk ez zuen oztoporik jarri.

Cuerpok azpimarratu du ezingo direla erosketa prozesuarekin lotutako enplegu-erregulazioko espedienterik egin, bi erakundeek independenteak izaten jarraitu beharko dutelako.

Interes orokorreko bost irizpidetan oinarritu du erabakia Espaianiako Gobernuak: sektoreko erregulazio helburuak betetzen direla bermatzea, lantaldeak babestea, lurralde-kohesioa bermatzea, gizarte-politika indartzea eta ikerketa eta garapena sustatzea.