Esperantzara kondenatua(k)…

Garaipenik ez da galtzekorik gabe…Gariren “Esperantzara kondenatua” abestiaren letra bezala, merkatuak inflazioa epe laburrean kontrolatua izan daitekeenaren esperantzarekin dantzan dabiltza

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Merkatuak, bai AEBko (Ameriketako Estatu Batuak) Erreserba Federalak eta baita Europako Banku Zentralak ere, euren tasa igoera malgutzeko irrikan daude.

AEBko inflazioaren azken irakurketak (%7,7a) tasen igoera dezeleratzeko esperantza sortu bazuen, Powellek (Erreserba Federaleko presidenteak) pasaden astean egindako hitzaldian esandako hitzek, “mantsotzea” abenduaren 14ko batzarrerako etor litekeela adieraziz, esperantza hori elikatu egin du. Inbestitzaileek, orain arteko 75 oinarrizko puntutako igoera beharrean, 50 puntutakoa espero dute eta datorren urte amaierarako tasak beheranzko bidean jarriko direnaren nahian daude.

Europako kasuan, inflazioaren azken irakurketa uste zena baino hobea izateak (%10,4) eragin berdina izan du inbestitzaileengan; tasen igoerak desazeleratuko direlaren usteak indarra hartu baitu. Kasu honetan, baina, zalantza gehiago ageri dira: batzuen ustez, azpiko inflazioa %5ean mantentzen den bitartean, ez da aldaketarik izango. Christina Lagardek, Powellek ez bezala, esperantza hoztu egin du banku zentralek KPIaren helburua (%2) lortzea bermatzeko lan egin behar dutela adieraziz, eta gaur egungo mundu mailako ziurgabetasunek, munduko ekonomiaren eta KPIaren bilakaeragatik, moneta politika zaildu egiten dutela baieztatuz.

Europako kasuan, inflazioaren azken irakurketa uste zena baino hobea izateak (%10,4) eragin berdina izan du inbestitzaileengan; tasen igoerak desazeleratuko direlaren usteak indarra hartu baitu

Esperantza horren ondorioz, azaroa hilabete oparoa izan da merkatuetan. Akzioek, aurten txiki-txiki egin direnek, eta bonoek (berez babesteko helburua zutenek, baina, kasu batzuetan 2022an %13ko galera izan dutenek) azaroan susperraldia izan dute. S&P500 AEBko indizeak %5eko igoera utzi digu; stoxx europe  600indize europarrak %7ko igoera; eta zero covid estrategiaren malgutasunaren esperantzaren ondorioz, Hang Seng Hong Kongo  indizeak %27 egin du gora.

Irrika honen beste gako batzuk

AEBeko Erreserba Federalak KPIa neurtzeko duen neurgailu kuttunena “trimmed mean” deritzona da. Honek balio orokorretatik gehien aldentzen diren prezio igoera-jaitsierak kalkulutik kanpoan uzten ditu. Aurreko hilabetean, metodo horrekin neurtutako KPIak beheranzko bidea egiteak, inflazioak goia jo izanaren susmoa utzi du.

Dolarra beheranzko bidean dabil asteetan (azken 200 eguneko batez bestekoaren azpitik). Moneta berdean pandemia ostean babestu zirenek, berriz, (orokorrean dolarra babes aktibotzat hartzen da) bertatik irteteko eta etekin politak egikaritzeko momentu egokia dela erabaki dute. Ekintzok inguruan dagoen esperantzaren adierazle dira.

50/50 ko kartera bat, %50 akzioez osatua eta beste %50 bonoez, nahiko egonkorra izan dela esan liteke

Errenta finkoarentzat ere ez da urte gozoa izan. Bonuen eta akzioen arteko erlazioari buruz asko hitz egin daiteke (erlazio fidagarririk dagoela ere zalantzan jartzen dutenak ere badaude, eta ez arrazoirik gabe, Andrew Smithers ekonomialaria besteak beste). 2000. urtearen bueltan eman zen Interneten burbuilaren eztandaren osteko bi hamarkadetan, bonoen prezioen eta akzioen prezioen arteko erlazioa negatiboa izan da; hau da, bonuen prezioek gora egiten zuten heinean (errendimenduak beherantz eginda) akzioen prezioak jaitsi egiten ziren. Baina, erlazio hori ez da beti horrela izan, inflazio ezak sortzen du. Beraz, 50/50 ko kartera bat, %50 akzioez osatua eta beste %50 bonoez, nahiko egonkorra izan dela esan liteke (bata jaisten zenean bestea igo egiten baitzen). Aurtengo urtean bi aktiboen prezioen arteko erlazioa zuzena izan da, akzioak txiki-txiki eginda eta bonoetan sekulako galerak izanda.

Baina azken asteetan bonuen errendimendu erreala (inflazioa kenduta) jaisten ari da. Horrek bonoetan aukerak irekitzen ditu, bonuen prezioak gora egiten ari diren bitartean eta errendimenduak erakargarriak diren heinean, ez ordaintzeko arrisku gehiegirik hartu barik.

Ez dago inflazioa azkar jaitsiko denaren arrastorik, ez eta epe laburrean Erreserba Federalak, moneta politika erlaxatuko duenaren esperantzarik ere

Ez dago inflazioa azkar jaitsiko denaren arrastorik, ez eta epe laburrean Erreserba Federalak, moneta politika erlaxatuko duenaren esperantzarik ere. Are gehiago, gertakari batzuk kontrakoa noranzkoan doaz; adibidez, AEBen gasolinaren prezioen jaitsiera. Nahiz eta ageriko inflazioa gutxitu, poltsikoetan diru gehiago izateak (autoaren depositua betetzetik aurrezten dena) beste zerbait erosteko erabiliko denaren suposizioa handitzen du, inflazioa tentetuz.  

Kontrako noranzkoan doa abenduaren 1eko AEBeko langabezia data ere. Langile berrien eskaria indartsu mantendu da azaroan (uste zena baino langile gehiago gehitu dira AEBko ekonomiara). Barneko inflazioaren sortzailetzat kontsideratzen dira, alde batetik, itxaroten dihardugun inflazioa eta, bestetik, soldatak eta alokairuak. Lan merkatua indartsua denean, soldatak igotzeko presioa ere handia izango da, eta horrek inflazio sortzaile izateagatik erreserba federalak egin beharreko kontrol lana zaildu egiten du.

Merkatuak Txinaren susperraldi ekonomiko baten esperantzan lerrokatzen ari dira

Kontsumitzaileen eskaria gutxiagotzen hasi da, higiezinen sektorea ahuldu egin da, eta teknologia sektorean kaleratzeak ugariak izan dira. Tasen kurbak ere iraulita jarraitzen du (epe laburreko tasak epe luzekoak baino altuagoak dira) eta, beraz, atzeraldiaren probabilitateak, merkatuen ustez, handia izaten jarraitzen du. Hala ere, ekonomiak erresiliente jarraitzen du.

Merkatuak Txinaren susperraldi ekonomiko baten esperantzan lerrokatzen ari dira; Kobid zero politikaren aurkako mobilizazioak (partidu komunistaren aurkakoak ere bai, puntu batean) politika hori nolabait malgutu, eta Txinaren eskaria suspertuko luketenaren esperantzan oinarritzen dira, hala, Txinakoa ez ezik, munduaren beste zatiaren desioa ere betetzen delarik. Txinaren eskaria handitzeak, inflazioren tentetzea suposatuko luke. Txinako ekonomiaren bilakaera kaxkarraren eragiletzat den kobid zero politika erretiratzeak, Txinaren egiazko ekonomiaren giharra nolakoa den azaleratuko luke.

Txinako ekonomiaren bilakaera kaxkarraren eragiletzat den kobid zero politika erretiratzeak, Txinaren egiazko ekonomiaren giharra nolakoa den azaleratuko luke

Urte bukaeran, betiere faktore psikologikoak garrantzitsuak izaten dira; alde batetik, diru kudeatzaileak urtean zehar egindako kudeaketaren emaitzen arabera epaituak izaten direlako, eta, bestetik, urtea bukatzen eri den heinean, galerak izan dituzten inbestitzaileak goranzko “rallyan” murgiltzeko gosez ibiltzen direlako.  

Garaipenik ez da galtzekorik gabe…

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK