Euriborra, urtebetez positibo

Sei urtez negatiboan izan ostean euriborra positiboan kotizatzen hasi zen duela urtebete. Gorakada malkartsua izan du hamabi hilabete hauetan, % 3,582era helduz. Igoerak egoera zaildu die hipotekadunei eta eskatu nahi dutenei. Aurrezkiak dituztenek, ordea, ez dute etekinik atera

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ostirala izan zen 2016ko otsailaren 5a. Egunak albiste garrantzitsua ekarri zien donostiar eta, oro har, gipuzkoar guztiei. Amarako autobusen geralekuari agur esan eta Tabakalera inguruneko autobus geltoki berria estreinatu zuten. Urte luzez azalean egon eta gero donostiarrak lur azpian hasi eta amaitzen hasi ziren haien bidaiak. Geltokiarena, baina, ez zen egun horretako aldaketa historiko bakarra. Europarren finantzak baldintzatzen dituen erreferentziazko tasak ere inoiz ezagutu gabeko bidea hartu eta negatiboan kotizatu zuen lehen aldiz. Donostiako busak bezala, euriborra ere lur azpian sartzen hasi zen. Inork espero ez bezala luzea izan zen kotizazio negatiboaren bidaia. Duela hamabi hilabete berreskuratu zuen euriborrak balio positiboa eta azken urte honetan gorakada malkartsua izan da oso. 

Bankuarteko merkatuaren erreferentziazko tasa da euriborra (Euro InterBank Offered Rate), hau da, bankuek elkarri emandako maileguen batezbestekoa. Bankuak, ordea, ez dira euriborrari so dauden bakarrak. Izan ere, bere bilakaerak familia eta enpresen maileguen interesak baldintzatzen ditu. Aurrezkiak dituztenen errentagarritasuna kalkulatzeko ere erabili ohi da banku arteko tasa, baina finantza-erakundeek ez diete interesa igo. 

Euriborraren negoziazioa

Euriborra egunero negoziatzen da bost epemugatarako (astebete, hilabete, hiru hilabete, sei hilabete eta urtebete), baina ohikoena urtebeteko erreferentzia da, nahiz eta enpresentzako maileguetan sei hilabetekoa ere asko erabiltzen den. Egun bakoitzeko kotizazioak erabilita hilabete bakoitzeko batez besteko tasa kalkulatzen da eta hori da, salbuespenak salbuespen, partikularren hipoteka maileguetan gehien bat erabiltzen den erreferentzia. Hala, 2022ko martxoko urtebeterako euriborraren batez bestekoa - %0,237 izan eta gero, apirilean berriro ere tasa positiboetara bueltatu zen eta % 0,013 izan zen batez bestekoa. Azken urtebetean gorakada oso nabaria izan da eta 2023ko martxoko datua % 3,647koa izan da.

Euriborraren igoera dela eta hipoteka sinatu nahi dutenek duela urtebete baino % 35 gutxiago eskatu beharko dute

Finantza erakundeek maileguak eskuratzeko bi bide nagusi dituzte: beste banku bati eskatu edo EBZ Europako Banku Zentralarengana jotzea. Horregatik moneta politikaren alorrean EBZk hartuko dituen erabakiak iragartzeko tresna ere bada Euriborra. Horrela, 2016ko martxoan, euriborra alderdi negatiboan sartu eta lau astera, Mario Draghi EBZko presidenteak interes-tasak % 0ra jaitsiko zituela iragarri zuen. Erabakiak inflazio baxuari (% 0,1eko aurrikuspena zuen banku zentralak) aurre egitea zuen helburua, ekonomian diru merkea txertatuz.

Tasak are gehiago jaitsi zituen banku zentralak hurrengo urteetan eta inoiz ezagutu gabeko sasoiari ekin zion Europak, tasa negatiboena. Sei urte beranduago koronabirusaren pandemiak sortutako hornidura kateen krisiak Europako inflazioaren gorakada ekarri zuen 2021aren bukaeran. Hilabete batzuk beranduago Ukrainako gerrak prezioak are gehiago astindu zituen eta EBZk ziaboga egin behar izan zuen bere moneta politikan. Euriborrak Christine Lagarden erabakiei aurre hartu zien eta goranzko bideari ekin zion 2021eko abenduan.

Moneta politikan aldaketarik?

2023an euriborrak bere gorakada lausotu du, AEBetako Silicon Valley Bank eta Signature Bank, eta Suitzako Crédit Suisse finantza-erakundeen porrota eta gero. Krisi horiek interes-tasen igoerak ekonomian dituen albo-kalteen adibide direla diote hainbat adituk eta AEBetako Erreserba-Federalak eta Europako Banku Zentralak moneta politika lausotuko dutela uste dute. Euriborrak ere igoera lausotu du. Izan ere atzo % 3,582ean itxi zuen, martxoko batez bestekoa baino apalago. Interes-tasen igoeren sakontasuna ezbaian badago ere, oraindik igoera gehiago egotea espero da.

Astelehen honetan Pablo Hernández de Cos Espainiako Bankuko gobernadoreak inflazioa menderatu arte igoera gehiago izango direla nabarmendu zuen

Astelehen honetan Pablo Hernández de Cos Espainiako Bankuko gobernadoreak inflazioa menderatu arte igoera gehiago izango direla nabarmendu zuen. Nazioarteko Diru Funtsak aste honetan Washingtonen egindako agerraldian igoera berrien beharra azpimarratu zuen. Kristalina Georgievak zuzentzen duen erakundeak 2023 eta 2024rako aurreikuspenak eguneratu ditu eta merkatu globalen ziurgabetasunak, Ukrainako gerrak, inflazio handiak eta COVID-19aren pandemiaren azken ondorioek ekonomian izango dituen ondorioak azaldu ditu. Interes-tasa altuen ondorio negatiboak ere aipatu ditu, enpresa eta familien finantzaketa baldintzatzen dituelako. Aurten munduko ekonomiak moteltzen jarraituko duela nabarmendu du NDFk. Europari dagokionez, aurreikus du Alemania atzeraldian sartzea eta Espainiak eta Frantziak % 2,8 eta % 0,7ko hazkundea izatea.

Euriborraren gailurra, gertu?

Inflazioa menderatzea izan da banku zentral nagusiek azken urte honetan zabaldu duten mezua. 2022ko abuztuan Jay Powell Erreserba Federaleko presidenteak moneta politikak familia eta enpresentzako "mina" ekarriko zuela esan zuen. EBZk ere inflazioaren kontrako gerraren aldeko jarrera tinkoa mantendu du, orain arte. Azken aste hauetan SVB, Signature Bank eta Crédit Suissek sortutako ekaitzek, eta ekonomiaren moteltzearen mamuak Lagarden hizkera leuntzea ekarri dute. Hala, martxoaren 22an egindako agerraldian "tipoen inguruko erabakiak unean uneko datuen araberakoa" izango zela adierazi zuen. Bere esanetan "horrek esan nahi du ez gaudela konprometituta tasak gehiago igotzera". Ez zuen, halere, igoerak bukatu direnik esan.

Merkatuek interes-tasen gailurretik hurbil gaudela estimatzen dute, gaur-gaurkoz, eta datorren urtean euriborra gaur baino baxuago egotea aurreikusten dute.

Lagarden hitzen atzean norabide aldaketa izan litekeela uste dute hainbat adituk eta merkatuek ere horrela islatu dute. Atzoko bankuarteko tasen kotizazioa begiratzea baino ez dago. Interes-tasen kurbak alderantzizko joera hartu du, eta bi urterako bankuarteko tasa % 3,343koa da, urtebetekoa baino baxuagoa. Hiru urterako tasa ere baxuagoa da, % 3,172. Merkatuek, hortaz, interes-tasen gailurretik hurbil gaudela estimatzen dute, gaur-gaurkoz, eta datorren urtean euriborra gaur baino baxuago egotea aurreikusten dute.

Maileguak garestiago eta finantzaketa zailago

Interes-tasen igoerek maileguen berankortasunean izango duen ondorioaz kezkuta EBZk finantza-erakundeei zorrotzago jokatzeko eskatu die. EBZk bere azken hiruhileko txostenean jaso bezala, enpresentzako maileguen baldintzak zorroztu zituzten 2022aren bukaeran eta 2023an ere ildo horri eutsiko diote. Interes-tasek gora egitean enpresek zailtasunak izan ditzakete maileguen kuotei aurre egiteko eta horrek bankuen berankortasun tasa okertu lezake.

EBZren txostenaren arabera bankuek espero baino kreditu eskaera jaitsiera handiagoa izan dute. Familientzako maileguetan baldintzak zorroztu dituzte bankuek eta hori sinatutako eragiketa kopuruetan igertzen da. Hala espainiar estatuko estatistika institutuak emandako datuen arabera sinatutako hipoteken batez besteko zenbatekoa 142.654 eurokoa da, 2022ko hasieratik izan den daturik baxuena. Hego Euskal Herriari dagokionez 2023ko urtarrilean sinatutako hipotekek gora egin zuten aurreko urtearekin alderatuta.

Sinatutako hipoteken batez besteko zenbatekoak ere gora egiten badu ere, igoera etxebizitzen prezioena baino makalagoa da

Sinatutako hipoteken batez besteko zenbatekoak ere gora egiten badu ere, igoera etxebizitzen prezioena baino makalagoa da. EAEn 2022an etxebizitzen prezioak % 6,4 gora egin bazuen ere, batez besteko hipotekak % 1,25 baino ez du gora egin. Nafarroan prezioak % 7,3 egin zuen gora eta hipoteken zenbatekoak, ordea, % 4,7. Maileguen zenbatekoak ez dira, hortaz, prezioen neurri berean igotzen ari, eta horrek etxebizitza erosten dutenei esfortzu gehigarria eskatzen die.

Etxea % 35 merkeago erosi behar

Euriborraren igoerak tasa aldakorreko hipoteka maileguen kuotak dantzan jarri ditu. 2023ko martxoko batez besteko euriborra % 3,647 izan da, aurreko urtean baino % 3,88 gehiago. Urtearteko datuan euriborrak izan duen hazkunderik altuena. Igoera horrek maileguan eskatutako 100.000 euro bakoitzeko urtean 2.280 euroko igoera suposatzen du. Tasa finkoko hipoteka dutenei, ordea, interes-tasaren igoerak ez die eragiten. Interes-tasa negatiboen garaian finantza-erakundeek tasa finkoko maileguen alde egin zuten, sinatutako hipoteken % 75tik gora finkoak izanik. Gaur egun Hego Euskal Herrian indarrean dauden hipoteken % 35 inguru tasa aldakorrekoak direla estimatzen da.

Hipoteka berria eskatu behar dutenek ere tasen igoera pairatuko dute. Alde batetik, finantza erakundeek maileguak emateko irizpideak zorroztu dituztelako eta, bestetik, tasak igotzean kuotak handitzen direlako eta, ondorioz, eskatu dezaketen zenbatekoa txikiagoa delako.

Bankuek hipotekak emateko baldintzak zorroztu dituzte, EBZk halan eskatuta

Hipoteka eskatzeko orduan bankuek bi irizpideri erreparatzen diote: maileguaren zenbatekoa tasazioaren gainean, eta ordainketa-gaitasuna. Maileguaren kuotak hipoteka eskatzen duenaren diru sarreren % 35ekoa izatea eskatzen dute, salbuespenak salbuespen. Horrela hilean 2.000 euro kobratzen duen pertsona batek 700 euroko kuota suposatzen duen mailegua eskatu ahal izango du. Bezeroak euribor+1eko prezioa duen 30 urtetarako mailegua sinatu bazuen iaz, % 1eko interesa ordainduko zuen lehen urtean, euriborra %0 inguruan zegoelako. Bankuarekin 215.000 euroko mailegua sinatu ahalko zuen bezeroak, hileko 691 euroko kuota ordainduz.

Urtebete beranduago eta bere diru sarrerek % 3ko igoera izan dutela suposatuz 720 euroko kuota duen mailegua eskatu lezake. Euriborra % 3,57an egonda, bere maileguaren prezioa % 4,57 izango litzateke. 720 euroko kuotaren baldintza betetzeko bezeroak 141.000 euroko mailegua besterik ezingo luke eskatu. Hortaz, bezeroak eskuratu lezakeen mailegua % 35 murriztuko litzateke. Ataka larria, beraz, Hego Euskal Herrian etxebizitzen prezioak % 7 inguru garestitu direla ikusita.

Hipoteka mistoak

Dena den, finantza erakundeek hipoteken eskaintza moldatu dute euriborraren igoerari aurre egiteko. Tasak negatiboan izan diren bitartean hipoteka finkoen alde egin bazuten ere, oraingoan hipoteka “mistoak” eskaintzen dituzte. Hala, lehengo bost urteetan tasa finkoa lortzen du bezeroak, eta seigarren urtetik aurrera, aldakorra. Lehen bost urteetako tasari dagokionez Euriborraren azpiko prezioa eskaintzen dute finantza erakunde gehienek, % 1,80 ingurukoa. Era berean, seigarren urtetik aurrerako tasa aldakorra euribor+% 0,50era iritsi daiteke bankuak eskatzen dituen lotura guztiak beteta.

Hipoteka mistoak ez dira bankuak eskaintzen hasi diren berrikuntza bakarra. Interes-tasen bilakaeraren arabera euriborrari kenkaria aplikatuko dioten maileguak ere eskaintzen hasiak dira

Bezeroaren ordainketa gaitasuna kalkulatzeko orduan lehen bost urtetako tasa aintzat hartzen dute bankuek, eta beraz eskatu dezaketen maileguaren zenbatekoan ez dute aldakorra hutsak diren hipoteketan bezalako murrizketik izango.

Hipoteka mistoak ez dira bankuak eskaintzen hasi diren berrikuntza bakarra. Interes-tasen bilakaeraren arabera euriborrari kenkaria aplikatuko dioten maileguak ere eskaintzen hasiak dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK