Interes tasak %2an mantentzea erabaki du Europako Banku Zentralak. Izan ere, finantza erakundeak uste du inflazioa “maila egokian” eta euroguneko ekonomia “egonkor” dagoela, eta giro ekonomikoa baretuta, ez du motiborik aurkitu tasak igo edo jaisteko. Hala, azken bost bileretan ez ditu tasak ukitu EBZk. Mailegu erraztasunaren gaineko tasa %2an mantendu du, finantza eragiketa nagusien tasa %2,15ean eta gordailu tasa %2,4ean.
Euroguneko inflazioa %1,7koa izan da urtarrilean, EBZk ezarritako %2ko helburutik behera, eta BPGa aurreikusitakoa baino gehiago hazi da. Gauzak horrela, EBZren gobernu kontseiluak adierazi du eurogunea “erresistentzia gaitasun handia” erakusten ari dela mundu mailako testuinguru “zail” batean.
Ohi bezala, Christine Lagarde buru duen erakundeak azaldu du datozen bileretako erabakia ekonomia datuen bilakaeran aintzat izanik hartuko dutela. Adituek diotenez, interes tasek %2an jarraituko dute hurrengo hilabeteetan. Dena den, euroa indar asko hartzen ari da. Azken urtean dolarrak bere balioaren %14 galdu du euroarekiko. Horrek kontinentearen hazkunde ekonomikoa zaildu lezake, eta, era berean, EBZa behartu tasak jaistera.
Finantza erakundeak ez du euroaren nagusitasunari buruzko adierazpenik egin, baina nabarmendu du "zalantza handiko" etorkizuna datorrela eta merkatuetan ziurgabetasunak jarraituko duela.