• FINANTZAK
  • Europako bizkarrezurrean min: Alemania eta Frantzia

Europako bizkarrezurrean min: Alemania eta Frantzia

Munduko finantza sistema eraldatzeko saiakerak zein eragin izaten ari dira hainbat herrialdetan?

Alemania eta Frantziako banderak | Argazkia: iStock
Alemania eta Frantziako banderak | Argazkia: iStock
axier garate azpitarte
Finantza aholkularia. Bankoa-Abancako agentea
2025eko irailaren 3a - 05:30

Europan euroa gorantz ari da, batik bat benetako merkataritza-pisua duen euroa. Hau da, bere bazkide komertzialekiko dibisa baten balioa neurtzen dugunean. Prezioak altuagoak baldin badira herrialde batean komertzio bazkide den beste herrialdearekiko, orduan merkataritza jaitsi beharko litzateke prezio altuenaren kaltetan. Kontuan hartu behar da azken 25 urteetan Europako inflazioa AEBekoaren azpitik izan dela gehienetan. 2010ean eurogunea zor subiranoaren krisian murgildu zenetik (gogoratu Greziako aurrekontu-defizita aurretik ezagutzen zena baino askoz handiagoa zela jakin ondoren eztanda egin zuela) euroarekiko konfiantzaren erronka existentziala berreskuratu da. Euroaren indarraren zergatiaren azalpenetako bat honako uste hau da: AEBeko Erreserba Federalak interes tasak murriztuko dituela, presio politikoak direla medio.

 

Hilabete honetako enplegu data indartsua balitz edo inflazioa bortizki igoko balitz, Erreserba Federalak tasak bere horretan utzi ditzake. Baina hori ez da merkatuaren iritzi nagusia. Uste nagusi horrek estutu egin du AEBen eta Alemaniaren arteko aldea 10 urteko bonuen benetako (inflazioa kontutan hartuz) errendimenduen diferentzialean: 10 urtetarako AEBn bonu bat erosiz urtero ematen duen errendimendua Alemaniako bonu “seguruarekikoa” baino altuagoa da bai, baina ez horrenbeste. 2021etik izan den baxuena da, alegia. Horrek dolarra ahulduko du eta are gehiago ahulduko du Europak AEBera esportatzen dituen ondasunen lehiakortasuna.

Europako herrialde batzuek dituzten egoera politikoetan ondorioak eragiten ditu mundu mailako egoera horrek; esateko Alemania eta Frantzian.

 

Alemania

Alemaniak koalizio bat egin zuten zentro-eskuineko kristau demokraten eta zentro-ezkerreko sozialdemokraten artean. Aurrekontu arauak aldatuko zituztela iragarri zuten defizit handiagoa ahalbidetzeko azpiegitura eta defentsa gastuak finantzatzeko. IFO institutu entzutetsuak egin ohi duen azken inkestaren arabera, non Alemaniako negozio itxaropenei buruz galdetzen duen, pandemiaren aurreko hamarkadako edozein unetan baino txikiagoa izaten jarraitzen du Alemaniarren itxaropenak, arazo politikoak iritsi baitira.

Friedrich Merz kantzilerrak emandako hitzaldian ohartu zuen Alemania ez zela behar bezain produktiboa izaten ari bere ongizate-estatuan duen gastua finantzatzeko eta hori ezin dela “gehiago finantzatu”. Defentsa haragitzeko gastu gehigarriak ekonomia presio berrituaren pean jartzen ari dira.

Kantzilerra onartzen ari da euren agenda ekonomiko anbiziotsuak arazo larriak dituela

Arazoa da koalizioa gorpuztearen arrazoi nagusia izan zela ongizate-estatua defendatzea. Kantzilerra onartzen ari da euren agenda ekonomiko anbiziotsuak arazo larriak dituela. Azken inkesten arabera, eskuin muturreko Alternativa für Deutschland kristau demokraten pare-parean dago, bakoitzak bozen %25 bereganatuko zituzketelarik, eta egungo koalizioak ez zukeen boterean jarraitzeko aukerarik izango.

Frantzia

Gutxieneko gobernu bati gobernatzeko behar duen arnasa ematen diona izan da beti aurrekontu bat ezartzea. Francois Bayrouk lehen ministroak berea aurkeztu eta konfiantzazko bozketa batera eramango du irailaren 8an; apustu gehienek diote galdu egingo duela diote. Are okerrago: bere finantza ministroak ohartarazi zuen Frantziak Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza behar dezakeela, Erresuma Batuan 1976an erreskatea onartu zuteneko oroitzapen desatsegina piztuz. Bayrouren aurrekontu proposamena Britainia Handiko Alderdi Laboristak duela 49 urte irentsi behar zuen sendagaia baino are onartezinezkotzat hartuak izan dira.

Mizuho Securities Finantza Taldeak laburbildu duenez, lehen ministroak 43.800 miloi euro aurreztu nahi ditu datorren urtean, besteak beste oporrak desegin, 5 bilioietako gastu soziala geldiarazi, 2026ko pentsioen ordainketan igoerarik ez edo enpresa batzuetan estatuak dituen parte-hartzeak moztuta. Marine Le Penek esan duenez, bere alderdiak ez du Bayrourengan konfiantzarik izango eta ez dio maniobrarako tarte handirik utziko. Macronen agintaritzak 2027rarte iraungo du eta ezin diezaioke uztera behartu, beraz hainbat aukera aurreikusten dira: lehen ministro berri bat aukeratu aurrekontua lantzen jarraituko duena (neurri batean Bayrouren ildo beretik), hauteskunde legegileak deitu edo Presidentetzarako hauteskunde aurreratuak deitu.

Lehen ministroak 43.800 miloi euro aurreztu nahi ditu datorren urtean, besteak beste oporrak desegin, 5 bilioietako gastu soziala geldiarazi, 2026ko pentsioen ordainketan igoerarik ez edo enpresa batzuetan estatuak dituen parte-hartzeak moztuta

Horren guztiaren ondorioz 10 urteko Alemaniako Bundarekiko (bonuarekiko) bonu Frantzesak (OATSak) eskaini behar duen gain-errentagarritasuna edo arrisku prima aurreko urteko krisiaren momentu latzenean zegoen egoerara itzuli da. Frantziar akzioek Europako beste herrialdeen akzioekiko errendimendu okerragoa izateari ekin diote.

Merkatuaren ustez finantza-krisi bat (non Nazioarteko Diru Funtsa tartean izan daitekeen) Le Penen presidentetza posible baten aurretik gerta daiteke.