• FINANTZAK
  • Europako zenbait inbertitzailerekin bildu da Jaurlaritza Amsterdamen

Europako zenbait inbertitzailerekin bildu da Jaurlaritza Amsterdamen

Noël d’Anjou sailburua Londresen izango da bihar, zor-jaulkipen berria abiatu aurretik antolatu duen biran

d'Anjou Europako zenbait inbertitzailerekin | Eusko Jaurlaritza
d'Anjou Europako zenbait inbertitzailerekin | Eusko Jaurlaritza
2026ko ekainaren 3a - 13:57

Noël d’Anjou Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua buru duen EAEko ordezkaritza instituzional bat Amsterdamen izan da gaur. Bertan, Europako hainbat inbertitzaile eta finantza entitatetako ordezkariekin bildu dira, hala nola ING, Triodos Bank edota Goldman Sachs erakundeetako ordezkariekin.

 

“Gaur, Europaren eraldaketa ekonomikoan garrantzi handiko zeregina betetzeko konpromisoa duen herri txiki, ireki eta guztiz europar gisa etorri gara”, adierazi du finantza sailburuak. Berarekin batera izan dira dira José Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordea, Juan Alberdi Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendaria, Amaia del Villar Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusia, eta Eneritz Bilbao Kabinete eta Komunikazioko zuzendaria.

EAEko ordezkariok lurraldeko ekonomia “sendoa”  eta “nazioarteko merkatuetan sortzen duen konfiantza” nabarmendu dute inbertitzaileen aurrean.

 

Euskadi Eraldatuz 2030 planarekin lotzen den zor publikoaren hurrengo jaulkipenaren testuinguruan bildu dira Europako finantza sektoreko arduradunekin, eta d’Anjouk nabarmendu du azken jaulkipenetan eskariak sistematikoki gainditu duela eskaintza, “gure kreditu-kalifikazio bikainaren eta gure eredu ekonomikoaren sendotasuna islatuta”.

Euskadi Eraldatuz 2030 planaren barruan zor-jaulkipen berria egin asmo du Jaurlaritzak, eta inbertsio publikoko 1.000 milioi euro mobilizatuko ditu. “Jaulkipen hau ez da finantzaketa tresna hutsa, gure ekonomiaren eraldaketa bultzatzeko eta Euskadiren etorkizuna eraikitzeko palanka ere bada”, adierazi du.

Bihar Londresen izango da EAEko ordezkaritza instituzionala eta bertako inbertitzaileekin elkartuko da.