Basquefik finantzen euskal klusterrak euskal inbertsio eta finantza ekosistemaren liburu zuria aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Argitalpenaren helburua da sektoreak bizi duen egoerari buruzko ikuspegi berria partekatzea.
Klusterretik mahai gainean jarri dute egun ekosistema horren parte direla 300 erakundetik gora, 50.000 lanpostu sortzen dutenak, eta BPGaren %8 eta %10 bitarte hartu. Sektoreko enpresen egitekoen artean dira baliabideak ekonomiara bideratzea, baita finantzaketa edota inbertsioari dagozkion baliabideak eskainita ere, dena delako garapen fasean dauden enpresak laguntzeko.
Liburu zurian nabarmendu diren alderdien artean dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eragileen sarea eta enpresa ehunarekin duen zuzeneko lotura, elkarlan publiko-pribatua, eta finantza eskaintza zabala tamaina edota une desberdinetan dauden enpresentzat. Aitzitik, erronka nagusia dira baliabide horien guztien koordinazioa, bertan dagoen kapital kopuru handiagoa bideratzea tokiko enpresetara, eta egun dauden trantsizio nagusien —digitala eta jasangarria— aldeko apustua indartzea, baita finantza hezkuntza ere.
Lana aurkezteko ez ezik, ekosistemak bizi duen egoerari buruz hausnartzeko parada ere eskaini du gaurko aurkezpenak, mahai inguru eta ponentzia eta guzti. Izan ere, Iker Ojembarrena Basquefikeko zuzendari nagusia defendatu duenez, “Lan honek mugimendua sortzen badu baino ez du izango zentzua. Liburu Zuriak oinarri komun bat eskaintzen digu lehentasunak ezartzeko, erabakiak hartzeko, lankidetzak aktibatzeko eta ekosistemak enpresen beharrei erantzuteko duen gaitasuna indartuko duten proiektuak martxan jartzeko”.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta