Euskal ikus entzunezko industriaren leiho fiskal eta finantzarioak

Rebordinos, industria kulturalen esparru finantzario eta fiskalaz solasean | Argazkia: Elkargi Rebordinos, industria kulturalen esparru finantzario eta fiskalaz solasean | Argazkia: Elkargi

Hollywood aipatzearekin batera, zinema eta bere industria datozkigu burura. Eta hein handi batean horrela da. Gainera ustez, han dena da on, dena da handia. Errealitatea, berriz, ez da beti horrelakoa. Marketinak bere eragina ere baduelako Atlantikoaz bestalde.

Edonola, Estatu batuetan ekoizten diren ikus entzunezko proiektuak industria sendo baten emaitza direla inork gutxik jartzen du zalantzan. Orain arte indarrean izan den aktoreen eta gidoilarien greba da horren adierazle.

Geure herrian, berriz, urte askotako kimuak erein ostean, bada argudio nahikorik, apaltasunez baina irmo, geure industria kulturala aldarrikatzekoa. Geroz eta industria sendoagoa dena, gainera. Gauza eta proiektu on asko izan da, dago eta izango dira. Denak ala denak, geroz eta handiagoak direnak, kualitatiboki zein kuantitatiboki. Baita ikus entzunezkoen industrian ere.

Egunotan Donostian Nazioarteko Zimaldiaren 71. edizioa burutzen ari da. Hainbat izar, filmen proiekzio, klaketa, kartel edota eztabaida mediatikoen artean, euskal zinemaren gala eta jaialdia burutu berri dira. Hori aintzat hartuta, geure industria kulturala eta ikus entzunezko sektoreari bultzada eman asmoz, Elkargitik jardunaldi profesionala egin da egunotan ikus entzunezko industriari zuzendua eta berain parte hartzearekin. Finantzazioaz, fiskalitateaz eta etorkizunaz hitz egiteko.

Zinemaldiko azken zazpi edizioetan jarraian, euskal zinemagintzaren proiektu batek lehiaketan parte hartu du.

Datu esanguratsu bat. Zinemaldiko azken zazpi edizioetan jarraian, euskal zinemagintzaren proiektu batek lehiaketan parte hartu du. Lehenago, ordea, salbuespena zen hori. Zinemaldiko zuzendari den José Luis Reborbinosek, ekoiztetxeen eta produkzioen “urrezko aroan” egon gintezkela aipatu du Elkargiren ekitaldi profesionalean.

Bere hitzetan, “une egokia bizi dugu ikus-entzunezkoen industriaren inguruan. Ehun garrantzitsu bat dago, eta bi helburu ditugu. Errealizadore berriak ateratzea eta gure film askoren inbertsio-maila eta aurrekontu-gaitasuna igotzea”. Izan genuen harrobitik, orain “opera primen aldeko apustua egin behar dugu. Gainera, ikus-entzunezko proiektuen finantzaketa handiagoa izatea lortu behar da, mundu mailan lehiakorragoak diren produktuak sortzeko“.

Horri begira dago sektorea. Foru Aldundietatik, eta geure Ogasunak dituen eskuduntzak baliatuz, erakargarriak bezain eraldatzaileak izan daitezkeen neurri fiskalak martxan jarri dira. Bizkaia izan da aitzindari, merkatua “hausteraino”. Europara kontsulta tartean dela, litekeena da Gipuzkoak eta Arabak bide berdina jarraitzea.

Jose Luis Rebordinos: “Une egokia bizi dugu ikus-entzunezkoen industriaren inguruan. Ehun garrantzitsu bat dago, eta bi helburu ditugu. Errealizadore berriak ateratzea eta gure film askoren inbertsio-maila eta aurrekontu-gaitasuna igotzea”.

Bizkaiak indarrean jarri dituen neurri fiskalak ekoizpenari, kopiak egiteko gastuei edota promozioa eta publizitateari bideratuta daude. Ekoizleak %70 arteko kenkariak lortzeraino iritsi daitezke euskara hutsean filmatutako obrak diren kasuetarako, ekoizlearen zerga-egoitza lurralde horretan dagoen bitartean eta bertan sortutako gastuak direnerako. Euskara hutsean ez denean, pizgarri fisakalak %60 arterainokoak izan daitezke. Horrek “erakartze efektua” sortu du inguruko maila ertain-handiko ekoiztetxe zein inbertsoreengan. Baita bertako produktoreengan ere.

Produkzio oso handiak hurbiltzen ari dira geurera. Horiei guztiei tamainako erantzuna emateko, sektoreko adituek diotenarekin bat, ezinbestekoa da ekoizleen beharrak asetzeko zerbitzu eskaintza integrala eskaintzea. Ez dugu oraingoz egitura nahikorik eta hor, badugu erronka.

Edonola testuinguru honetan, eta ikus entzunezko “gizarte digitalean” bizi diren gazteek euskarazko eta kalitatezko edukiak izan ditzaten, EITB taldeak Primeran plataforma aurkeztu du. Orain 10 egun aurkeztutako euskarazko plataforma berriak, batez ere 30 urte arterainokoei zuzentzen denak, baditu ia 20.000 erabiltzaile mugikorretara bideratutako aplikazioaren deskargetan. ETBko zuzendari Unai Iparragirrek Europako bestelako telebistetan ekimena aurkezterakoan, “everything basque in one place” definizioarekin aurkeztu du. Euskal eta euskarazko produkzioak, kalitatezkoak eta mundura zabaldurikoak, leiho digital berri honi esker.

Foru Aldundietatik [...] erakargarriak bezain eraldatzaileak izan daitezkeen neurri fiskalak martxan jarri dira. Bizkaia izan da aitzindari, merkatua “hausteraino”. Europara kontsulta tartean dela, litekeena da Gipuzkoak eta Arabak bide berdina jarraitzea

Horrek ere ikus entzunezko industria sendo bat beharko du, produkzioak sor daitezen eta beraz, fiskalitate neurri berriak zein finantzazioa aurrera egiteko. Izan ere, eta Donostiako Zinemaldiak eragiten duen berpizte efektuaz haratago, ikus-entzunezko industria puri-purian dagoela nabaria baita.

Euskal ekoizle independenteen elkarteko presidenteak, IBAIAko presidenteak eta Txintxua Film ekoiztetxeko zuzendari exekutiboa denak, Marian Fernándezek oso argi azaldu berri du Elkargik antolatutako ekitaldian. “Agente guztien beharra dugu aurrera egiteko. Batek bakarrik ez gaitu urrutira eramango”. Administrazio publikoak, pizgarriak, inbertsoreak, EITB edo bestelako telebistak, plataforma digitalak edota Elkargi bezalako erakundeak.

Berak azaldu bezala, “gure hurrengo filmaren egitura finantzarioa Elkargiren eskutik aurreprodukzio fasean lantzen hasi gara. Oso albiste ona da, Elkargik orain gure behar finantzario, fiskal eta mota guztietakoak integratuta dituela”. Orain arte, eta maila apalean, finantzazio lerroetan sartzen zen. Orain, Elkargi fiskalitatea finantzazio iturri gisa lantzen hasi da, baita inbertsoreak bilatzen ere, pizgarriak kudeatzen eta prozesu osoari, bere bermea gaineratuaz. Fernándezen hitzetan Elkargirekin “solaskide bakar batek zerbitzu guztiak esakintzea guretzan abantaila da. Eta bere garantiarekin, arriskua gutxitzen zaigu”. Berme bikoitza.

Marian Fernandez: “Agente guztien beharra dugu aurrera egiteko. Batek bakarrik ez gaitu urrutira eramango”

Marta Mendinueta Elkargiko zerga-arloko arduradunak azaldu bezala, “sektorearen ondoan egon nahi dugu. Gertuago. Euren lengoaia ulertu eta hurbiltasunetik finantzaketarekin bidelgun izateaz gain, orain ere aholkularitza fiskal eta legalarekin. Zerbitzua giltza eskuan eman”.

Finantzaketa-oinarri sendoekin, lankidetza publiko-pribatuarekin, egungo zerga-pizgarriekin eta sektore osoaren beharrei erantzungo dieten zerbitzuak edukita, Rebordinosek esan bezala, EAEn “aukera handia dugu industria eta zerbitzu indartsuak lortzeko. Izan ere, inork ez du zalantzan jartzen gure industria kulturalak enplegua eta onura sortzen dituela”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK