Finantza hezkuntzaren nazioarteko egunean, hainbat ekimen bultzatu dituzte banketxeek

Data hau, finantza-heziketaren garrantzia sustatzeko eta epe luzerako aurrezkiaren kultura bultzatzeko sortu zen

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Urriko lehen astelehena, finantza hezkuntzaren nazioarteko eguna izan ohi da, aurten urriaren 3a. Finantza-heziketaren garrantzia sustatzeko eta epe luzerako aurrezkiaren kultura bultzatzeko sortu zen egun hau, finantza-munduko oinarrizko kontzeptuak ulertzeko.

Hala, banketxeek zenbait ekimen bultzatu dituzte egun honi begira. Kutxabankek, ‘Bizitzarako finantzak’ izeneko ikastaro berriari emango dio hasiera, 1.500 ikaslerekin. Dagoeneko, Euskal Autonomia Erkidegoko 39 zentro publiko eta kontzertatu daude ekimenean parte hartzeko izena emanda.  Simulazio-joko batean oinarritutako ekimena da, eta ikasleei eta irakasleei finantza-gaitasunak eta trebetasunak lantzen laguntzen die. Jokalariek pertsonaia bat aukeratzen dute (langabea, ikaslea, enpresa txikiaren jabea, merkataria, etab.), helburu zehatz bat duen txartela eta hori lortzeko epe jakin bat. Bi baldintza hauek ezagututa, hileroko diru-sarreren eta gastuen zerrenda prestatu behar dute, ezarritako helburua lortzeko aldagai guztiak aintzat hartuta, sarrerak, derrigorrezko gastu finkoak, beharrezko gastu aldagaiak eta soberan dauden gastuak.Programaren amaierako ekitaldian, helburuak bete diren ala ez baloratzeaz gain, zalantzak argitzen dituzte, eta arazo bakoitzerako irtenbide onenak argudiatzen dituzte. Zenbait hezkuntza zentrok zeharka erabiltzen dute programaren materiala irakasgai bat baino gehiagotan, hala nola, matematikan, ekonomian, informatikan edota teknologian.

Santander banketxeak ere antzeko ekimenak bultzatu ditu. Ohar bidez jakitera eman duenez, azken hiru urtean, 2,6 milioi pertsonari lagundu die finantza-hezkuntzako ekimen eta programen bidez. Hala, iaz soilik, bankuak 860.000 pertsonari eman zien oinarrizko finantza-zerbitzuetarako sarbidea, kreditua lortzeko zailtasunak zituzten edo finantza-egoera ahulean zeuden 1.100.000 partikular eta ETE baino gehiagori finantzaketa, eta 1,3 milioi pertsonari finantza-hezkuntza. 2022ko lehen seihilekoan, berriz, 570 prestakuntza-saio baino gehiago jaso dituzte finantza-egoera ahulean dauden kolektiboetako 5.000 pertsonak baino gehiagok. Gaurtik, urriaren 3tik, hasita eta zenbait egunez finantza-hezkuntzako tailerrak eskainiko ditu “finantza-inklusioa bultzatzeko”.

Laboral Kutxak ere zenbait ekimen prestatu ditu gaurko egunari begira. Hala, UNACCek (Kreditu-kooperatiben batasun nazionala) prestatutako saioetan parte hartuko du. Hala, finantza mundua errazago ulertzeko glosarioa sortu dute, lagungarri diren eskema, marrazki eta liburuekin batera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK