• FINANTZAK
  • Finantza jasangarrientzako gida sortu dute Ihobek eta Basque Ecodesign Centerrek

Finantza jasangarrientzako gida sortu dute Ihobek eta Basque Ecodesign Centerrek

Gida Euskadiko entitate ez finantzarioentzat da, Europako Taxonomiaren Araudia aplika dezaten

Irudia: Ihobe
Irudia: Ihobe
2022ko maiatzaren 11 - 11:48
Eg. 2022ko maiatzaren 11 - 11:57

Finantza jasangarrietarako Europako taxonomia aplikatzeko gida garatu dute Ihobek eta Basque Ecodesign Center aliantza publiko-pribatuak. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren UE 2020/852 araudia aztertzen du, entitate ez finantzarioek hori ulertzeko eta aplikatzeko tresna izan dezaten.

 

Taxonomiak ingurumen zientzian du oinarria, eta horren arabera zerbait jasangarritzat jo daitekeen edo ez ezartzen du, hainbat orientazio eta irizpiderekin. Era berean, inbertsio bat jasangarria den edo ez jakiteko tresna ere bada erakundeentzat, irizpide bakar eta ofizial batetik abiatuta, sektore eta esparru ekonomiko askotan aplika daitekeena. Beraz, negozio eredu jasangarriagoak bilakatzeko erreminta izan daiteke. Europako araudiaren bitartez, inbertsio fluxuak birbideratzea lortu nahi dute, deskarbonizazioa bultzatzeko eta trantsizio energetikoan murgiltzeko, besteak beste.

Gidaren oinarrian dago CIE Automotive enpresarekin eginiko proiektu pilotua, 2021 eta 2022 urte bitartean garatutakoa. Izan ere, Basque Ecodesign Centerreko kidea da CIE Automotive. Aipatutako guztiari buruzko xehetasun gehiago partekatuko dituzte bihar, hilaren 12an, Ihobek antolatutiko “Ekostegunak - Ekoefizientziaren ostegunak” zikloko jardunaldian, online jarraitu ahalko dena Zoom bitartez. Izan ere, Finantza Jasangarrien araudiak euskal enpresetan izan dezakeen eragina aztertuko dute.