• FINANTZAK
  • Geroaren 3.400 milioi euroko funtsa bereganatu du Cecabankek

Geroaren 3.400 milioi euroko funtsa bereganatu du Cecabankek

122.000 pentsiodunen ekarpen ekonomikoa biltzen duen funtsa da. Cecabankek 290.000 milioi euroko gordailuak kudeatuko ditu aurrerantzean

Cecabanken egoitza Madrilen | Argazkia: Javier Valeiro / Europa Press
Cecabanken egoitza Madrilen | Argazkia: Javier Valeiro / Europa Press
2026eko otsailaren 11a - 16:31

Geroa Pentsioak EPSVk 3.400 milioi euroko funtsa Cecabank banku espainiarraren eskuetan utzi du. 122.000 pentsionisten ekarpen ekonomikoa biltzen du funts horrek, eta diru hori gordetzeaz gain, fiskalitate eta reporting zerbitzuez arduratuko da Cecabank.

 

Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundea da, Adegi Gipuzkoako enpresen elkarteak eta euskal sindikatuek sustatua, eta azaldu dutenez, funtsak Cecabanki transferitzea “aldaketa esanguratsua” izan da bere egituran. Jordan Saenz Geroako zuzendari nagusiaren hitzetan, “sektoreko erakunde erreferentearen” alde egin dute eta euren funtsen gordailua “optimizatu” ahal izango dute.

Geroak azaldu du bere kudeaketa eredua indartu eta eraginkortasuna areagotzea ahalbidetuko dion bazkide batekin elkartu dela. Halaber, bi aldeek argitu dutenez, Geroaren ondarea Cecabanken txertatzeko “proiektuak eskualdatzeko metodologia propio bat” erabili dute.

 

Eragiketa honi esker, Cecabankek 290.000 milioi euroko gordailuak kudeatuko ditu aurrerantzean, eta Espainiako merkatuan BGAEtan oinarritutako lehen finantza erakundea da.