Gure diruak gizartean eragiten du

Finantzaz Haratago sareak egungo finantza sistema zalantzan jarri eta merkatuaren ikuspegi etikoago bat sustatzea du helburu

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026eko urtarrilaren 18a - 05:30

Finantzak askotan gai konplexu eta urrun gisa ikusten badira ere, eguneroko bizitzan etengabe erabiltzen ditugu finantza-tresnak, hala nola, kontu korronteak, aurrezkiak edota maileguak. Jorge Berezok, Oikocredit erakundeko lehendakari eta Finantzaz Haratago sareko ordezkariak, gogorarazi duenez, “finantza tresnak egunerokoan gure eskuetan ditugun baliabideak dira”. Aurrezki horiek nora bideratzen ditugun erabakitzean, bestelako proiektu ekonomikoak finantzatzen dira, eta horixe da finantzen funtsezko funtzionamendua.

 

Bankuak, merkatuak, burtsak edo inbertsio-funtsak dira diru hori guztia bideratzen duten egiturak. Plataformek erabakitzen dute zein proiektu finantzatzen diren eta zeini ematen zaion mailegua. Horregatik, finantzak ez dira soilik kontu teknikoak: gizartean eragin zuzena duten erabakiak hartzeko tresnak dira.

Finantza-hezkuntzarik eza: babesik gabeko herritarrak

Finantza-hezkuntza egokirik ez izateak ondorio larriak izan ditzake pertsonen eguneroko bizitzan. Berezoen arabera, finantza-hezkuntza beharrezkoa da, lehenik eta behin, norbere burua babesteko. “Finantza heziketa txikia badaukagu, ez gaude babestuta. Produktu finantzarioak onuragarriak dira, baina oso arriskutsuak ere bai”, ohartarazi du Berezok.

 

Arrisku handiko produktuetan inbertitzeak zer dakarren ez jakiteak galera ekonomikoak eragin ditzake, eta askotan kaltea eginda dagoenean heltzen da kontzientzia. Antzera gertatzen da maileguekin ere: zorpetzearen mugak zein diren argi ez izateak pertsonak gainzorpetzera eraman ditzake, eta egoera horrek ondorio ekonomikoak ez ezik, ondorio emozional sakonak ere sortzen ditu.

Finantza-hezkuntza egokirik ez izateak ondorio larriak izan ditzake pertsonen eguneroko bizitzan

“Kultura finantzarioak babesa ematen digu, tresna hau ondo erabiltzea gure ongizaterako interesgarria delako”, azaldu du Oikocrediteko lehendakariak. Izan ere, finantza zerbitzuak beharrezkoak dira: auto bat erosteko, nomina kudeatzeko edo bizi kalitatea hobetzeko. Onuragarriak izan daitezke, baina tentuz eta jakintzaz erabiltzen badira soilik.

Finantza etikoei buruzko RedEFES jardunaldiak | Argazkia: utzita
Finantza etikoei buruzko RedEFES jardunaldiak | Argazkia: utzita

Diruak eragina du: finantzen dimentsio soziala

Finantza-hezkuntzaren garrantzia ez da norberaren babesera mugatzen. Badago bigarren alderdi bat, askotan ikusezina egiten dena: gure diruak beste pertsonen ongizatean duen eragina. “Gure dirua bankuan sartzen dugunean, bankuak erabakitzen du zeini eman mailegua eta zeini ez, dena gure diruarekin”, azaldu du Berezok. Hau da, aurreztaileen dirua ez da pasiboki gordetzen den zerbait, bankuen erabakien bidez ekonomia errealera bideratzen den baliabidea da, eta erabaki horiek gizartean eta pertsonen bizi baldintzetan eragin zuzena dute.

Jorge Berezo: “Gure dirua bankuan sartzen dugunean, bankuak erabakitzen du zeini eman mailegua eta zeini ez, dena gure diruarekin”

Diru horrek dendari txiki bati bere negozioa aurrera eramaten lagundu diezaioke, familia bati etxebizitza edo ibilgailu bat eskuratzeko aukera eman, edo, kontrara, armagintzako edo ingurumenari kalte egiten dioten enpresak finantzatu. Era berean, bankuek erabaki dezakete mailegu bat ukatzea egoera administratibo jakin batean dagoen pertsona bati, baldintza ekonomiko nahikoak izan arren. Erabaki horiek guztiak, askotan ikusezinak diren arren, eguneroko bizitzetan eta gizarte ereduan eragin zuzena dute. Horregatik, finantza-hezkuntzak ezin du alderdi teknikoetara soilik mugatu: kontzientzia soziala ere landu behar du, herritarrek uler dezaten beren diruaren bidez zer eredu ekonomiko eta sozial sostengatzen ari diren, eta, ondorioz, errealitatea aldatzeko gaitasuna dutela ikus dezaten.

Finantza etikoaren aldeko sareak: Finantzaz Haratago

Ikuspegi horretatik lan egiten dute hainbat erakundek. Mugarik Gabeko Ekonomialariak ekonomia justuago baten alde aritzen da; Euskadiko Finantza Etikoak Elkarteak banka etikoa sustatzen du; eta Oikocreditek inpaktu soziala duten proiektuak finantzatzen ditu. Erakunde horiek guztiek osatzen dute Finantzaz Haratago, finantza-hezkuntza alternatiboa sustatzeko sortutako euskal sarea.

Sarearen helburua egungo sistema zalantzan jartzea eta bestelako ikuspegi bat eskaintzea, elkartasuneko ekonomiaren eta finantza etikoaren balioak ardatz hartuta

“Finantza-hezkuntzan hutsune bat zegoela ikusi genuen, gehienbat administrazioetatik edo banku tradizionaletatik zetorrelako, eta ez zelako erakusten finantza etikoaren ikuspegia”, azaldu du Finantzaz Haratago egitasmoko ordezkariak. Sarearen helburua egungo sistema zalantzan jartzea eta bestelako ikuspegi bat eskaintzea da, elkartasuneko ekonomiaren eta finantza etikoaren balioak ardatz hartuta. Gainera, Finantzaz Haratago estatu mailako RedEFES sarearekin lotuta dago, finantza etiko eta solidarioen inguruko hezkuntza sustatzeko sortutako erakunde eta kolektiboen sarearekin, hain zuzen.

Hezkuntza-programak eta eskolako finantza-hezkuntza

Finantzaz Haratago sareak hainbat programa eta material garatu ditu azken urteetan. DBHn eta Batxilergoan Ekonomia ikasgaian erabiltzen diren edukiak aztertu eta bertatik kritika bat sortu dute. Halaber, beraien unitate didaktiko propioa ere eratu dute, ikastetxeetan erabiltzeko. Horrez gain, heziketa modu ludikoan lantzeko escape box bat ere garatu dute, ikasleek finantza kontzeptuak jolasean ikas ditzaten.

Hala ere, Berezoren ustez, gaur egun DBHn eta Batxilergoan ematen den finantza-hezkuntza ez da nahikoa. “Oso eduki txikia da, eta gainera, Ekonomia ikasgaia aukeratzen dutenentzat bakarrik bideratuta dago”, salatu du. Are gehiago, liburuetan gaiak modu neutroan aurkezten direla dio, hausnarketa kritikorik gabe. Irakasten den pentsio-funts pribatuen adibidea jarri du: “Ez da eztabaidatzen zer ondorio dituen horrek sistema publikoarentzat, eta hori hausnartu beharko litzateke”.

Amaierako mezua: finantzak erabiliz etorkizuna eraiki

Amaitzeko, Berezok mezu argia helarazi du. Finantzak tresna boteretsuak dira, eta gaizki erabiltzeak krisi larriak ekar ditzake. Horregatik, ezinbestekoa da heztea eta kontzientzia hartzea. “Guztion artean modu jakin batean inbertitzea erabakitzen badugu, mundua modu batera eraikiko da, eta ez bestera”, adierazi du. Finantza-hezkuntza, beraz, ez da soilik dirua kudeatzen ikastea, erabaki arduratsuak hartzea baizik, bai norberaren ongizaterako, bai gizarte bidezkoago baterako.