EAEk gero eta profil finantzario espezializatu gehiago behar ditu, baina enpresek gero eta zailtasun handiagoa dute horiek aurkitzeko. Ez da sektore jakin baten arazo isolatua. Finantza eta inbertsio gaitasunak gero eta lotuago daude industriaren eraldaketarekin, enpresen hazkundearekin eta lurraldearen lehiakortasunarekin. Horregatik, talentuaren auzia BasqueFIK EAEko finantza eta inbertsio klusterraren lan ildo nagusietako bat bihurtu da.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
BasqueFIK duela bi urte sortu zen, euskal finantza ekosistemaren posizionamendua indartzeko eta sektoreko eragileen arteko elkarlana egituratzeko. Klusterrak bankuak, inbertsio funtsak, aseguru etxeak, aholkularitza enpresak, unibertsitateak, teknologia zentroak eta bestelako eragile ekonomikoak biltzen ditu. Bere egitekoa finantza eta inbertsio ekosistema bera konektatzea da, baina baita ekosistema hori EAEko industria eta enpresa sarearekin lotzea ere.
Testuinguru horretan egin du BasqueFIKek Euskadiko finantza eta inbertsio ekosistemaren talentu beharren azterketa. Ikerketa klusterrak berak sustatu du, BasqueFIKen Talentu Lan Taldearen izenean. Lan talde horrek klusterreko erakunde elkartuak biltzen ditu, eta helburua sektoreak gaur egun dituen talentu beharrak identifikatzea eta datozen urteetarako lehentasunak zehaztea izan da.
Enpresek azaltzen dute lan merkatura iristen den talentu gazteak ez duela beti behar adinako prestakuntza aplikatua, eta horrek belaunaldi erreleboaren inguruko kezka sortzen du
Azterlanaren lehen ondorioa argia da: finantza sektoreak geroz eta profil hibrido gehiago behar ditu. Hau da, finantza ezagutzak izateaz gain, datuen analisia, teknologia edo erregulazioa menperatzen dituzten profesionalak, besteak beste. Gaur egun, enpresek data analyst finantzarioak, M&A eragiketetan aritzeko profilak edo finantza teknologian espezializatutako profesionalak behar dituzte, adibidez.
Digitalizazioak, adimen artifizialaren erabilerak eta finantza jardueraren sofistikazio handiagoak aldaketa sakonak eragin ditu sektorean. Horren ondorioz, zailtasun handienak inbertsioarekin, finantza korporatiboarekin eta analitika aurreratuarekin lotutako profiletan daude. Ondorio horrek erakusten du talentuaren arazoa ez dela soilik pertsona kopurua, baizik eta baita gaitasun egokien falta ere.

Azterlanaren beste ondorio nagusietako bat junior profil falta da. Enpresek azaltzen dute lan merkatura iristen den talentu gazteak ez duela beti behar adinako prestakuntza aplikatua, eta horrek belaunaldi erreleboaren inguruko kezka sortzen du.
Hala ere, Xabier Goyarzunek, BasqueFIKeko proiektu zuzendariak, ñabardura garrantzitsua egin du puntu horretan: junior profil askok behar duten espezializazioaren zati bat lan esperientziaren bidez garatzen dela. Horregatik, junior talentuaren garapena ezin da prestakuntza akademikoaren esku bakarrik utzi; enpresek ere parte hartu behar dute prozesu horretan, praktikak, lehen lan esperientziak eta barne prestakuntza indartuz.
Talentua garatu nahi bada, praktikak eta lan esperientzia errealak indartu behar dira
Hor dago sektorearen kontraesan nagusietako bat. Gazte gehiago behar dira, baina merkatuak gero eta azkarrago eskatzen du errendimendua. Horrek presioa jartzen die unibertsitateei eta prestakuntza zentroei, baina baita enpresei ere: talentua garatu nahi bada, praktikak eta lan esperientzia errealak indartu behar dira.
Prestakuntzaren eta merkatuaren arteko lotura da azterlanak identifikatu duen beste ardatz nagusietako bat. Enpresek ez dute soilik ezagutza teknikoa eskatzen; benetako kasuak ulertzeko gaitasuna, finantza eragiketak egituratzeko trebetasuna eta datuekin lan egiteko autonomia ere behar dituzte. Horregatik, prestakuntza praktikoagoa eta sektorearekin konektatuagoa izatea ageri da lehentasunen artean.
Xabier Goyarzun: “Esparru akademikoan hobekuntza ikusten ari gara. Gero eta lotura handiagoa dago enpresen eta unibertsitate publiko zein pribatuen artean, eta hori positiboa da”
Hala ere, BasqueFIKetik ez dute sistema akademikoa geldirik ikusten. Goyarzunen arabera, azken urteotan hobekuntzak izan dira eta unibertsitateen eta enpresen arteko harremana sendotzen ari da. “Esparru akademikoan hobekuntza ikusten ari gara. Gero eta lotura handiagoa dago enpresen eta unibertsitate bai publiko bai pribatuen artean, eta hori positiboa da”, azaldu du.
Orain, klusterra hurrengo pausoa prestatzen ari da. Datozen asteetan Talentu Lan Taldeak bilera berri bat egingo du, txostenetik ateratako jarduera lerroen artean inpaktu handiena izan dezaketen hiru edo lau lehentasun aukeratzeko.
Helburua ez da beste diagnostiko bat egitea, neurri zehatzak identifikatzea baizik. “Orain ikusi behar dugu zein diren gehien lagundu dezaketen jarduera lerroak eta nondik hasi. Helburua talentua sortzea, erakartzea eta enpresek behar dituzten profil horietara iristeko bidea erraztea da”, dio Goyarzunek.
Azterlanaren mezua argia da: finantza talentua ez da sektore finantzarioaren arazo isolatu bat
Mahai gainean dauden aukeren artean, hainbat norabide ageri dira: unibertsitateen eta enpresen arteko harremana estutzea, prestakuntza praktikoagoa eskaintzea, finantza arloko espezializazio berriak garatzea eta ikasteko formatu malguagoak zabaltzea, mikro-kredentzialak esaterako.
Azterlanaren mezua argia da: finantza talentua ez da sektore finantzarioaren arazo isolatu bat. EAEko industria eta enpresa sare osoaren lehiakortasunarekin lotuta dago. Inbertsioa erakartzeko, enpresen hazkundea egituratzeko edo eraldaketa teknologikoak bideratzeko, gero eta beharrezkoagoa da finantza ezagutza aurreratua. Horregatik, BasqueFIKen ustez, hurrengo erronka ez da diagnostikoa egitea, neurri praktikoak martxan jartzea baizik, talentu faltak euskal finantza eta inbertsio ekosistemaren hazkundea mugatu ez dezan.