• FINANTZAK
  • Inbertsioak: 2025ak utzitako arrastotik 2026 aurreikusten saiatu

Inbertsioak: 2025ak utzitako arrastotik 2026 aurreikusten saiatu

Gobernuen defizita eta epe luzeko interes tasen kontrola, iraupen luzeagoak, Alemaniaren bultzada fiskala eta energia beharra izan daitezke aintzat hartu behar diren elementuetako batzuk

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
axier garate azpitarte
Finantza aholkularia. Bankoa-Abancako agentea
2026eko urtarrilaren 15a - 05:30

2025ak utzi duen bilakaera atzerako ispilu batekin begiratuz etekin handiak emango zituzkeen inbertsioak antzeman daitezke. Hori abantaila handiz inbertitzea litzateke. Atzera eginez egin zitezken inbertsio horiek (besteak beste) eta errealitatean ezinezkoak direnak 2026rako gako batzuk eskeintzen dituzte. Hauek, besteak beste, aurreko urteko inbertsio oparoak, eta aintzat hartzeko gakoak.

 
  1. Debasement tradea (debaluazio-eragiketa). Inbertsio estrategia bat da, non inbertitzaileek txanpon fiduziarioak saldu (dolarra, euroa...) eta aktibo ukigarriak edo eskaintza mugatukoak (urrea, zilarra, bitcoina...) erosten dituzten. Zergaitik? Gobernuen defizit altuek diru fiduziarioaren erosteko ahalmena murriztuko duten beldurrez. Estrategia hori, aurreko urteko hasieran argiegia zen “bikaina” izateko. Beste era batera planteatua inbertsio aukera izango zen. Inflazioa da diruaren eroste-ahalmena murriztearen sintoma eta kausa zuzena. Inflazioak epe luzerako bonuen errendimendua handitzea dakar (eta horren balioa jaitsi). Balizko inbertsore “bikain” horrek asmatu zuen 2025eko urte hasieran Trumpen politika: ez zaio interesatzen epe luzerako zorra garestitzerik hipoteketan eta inbertsioen garestitzean duen eraginagatik, eta bonuen hornidura kontrolatuko zuela bonuen prezioak egonkor mantendu zitezen haien hegazkortasuna gutxituz. Hegazkortasuna jarraitzen duten indizeen artean, MOVE izenekoa da bonuena. Hegazkortasuna handia izanda, indizeak gora egingo du; txikia bada, behera. 2025ko urte hasieran MOVE indizea salduz eta urrea erosiz urte bukaerako etekina %169 izango zen. Operazio bihurri horretan 2026ko bi gako agertzen dira: gobernuen defizit handiak eta epe luzeko interes tasen kontrola, besteak beste, hipoteken prezioetan eragina dutelako.
  2. Trump hazkundean tematuta dago. Beste herrialde batzuk, Alemania buru dela, ponpa fiskala irekitzen ari dira. Egoera horretan, epe luzeagoko tasak igo egingo dira. Zenbat eta luzeagoa izan iraupena, orduan eta eragin handiagoa izango du prezioan: zenbat eta interes handiagoa, orduan eta prezio gutxiago. Bestalde, bai Erreserba Federalak eta bai EBZak interes tasak murriztera behartuta izan ziren epe laburreko bonuen errendimenduak gutxituz eta haien prezioa igoaraziz. 2025 hasieran Austriak iraungitako mende osoko iraupena zuten bonoak salduz eta bi urtetako Altxor Publikoan sartuz urte amaieran %51 irabazia izango zen. 2026ko gakoa: iraupen luzeagoak.
  3. Finantza Krisiaren ondoren Alemaniak bere konstituzioa aldatu zuen gobernua ez zedin neurri barik zorpetu. Bere zorra, ekonomia nagusien artean, urritasun handiz kudeatu du eta horrek lagundu du zor publikoaren errendimenduak baxuagoak izaten. Hori lortu du, besteak beste, defentsan azpi-inbertitzearen politikari urte luzez eutsita. Trumpek argi utzi zuen hori amaitzea nahi zuela; Alemaniak eta Europar Batasunak ulertu zuten ezin zutela gehiago AEBeko laguntza militarraz fidatu. Martxoan Alemaniak bere konstituzioa aldatu eta berrarmatze ahalegin handi bati ekin zion. Urte hasieran Alemaniako 30 urteko iraupena duten bonoak salduz eta Stoxx European Aeroespace & Defense indizea erosi zutenek dirua bikoiztu baino gehiago egin zuten. Gakoak: Alemaniaren bultzada fiskalaren eraginak 2026. urtearen amaieran ikusiko dira.
  4. 2025an adimen artifizialak energia eskaria zeruraino bidali du. Berdin du nola ekoizten den; datu zentroek argindar gehiago nahi dute. AEBeko administrazio berriak inflazioa mugatzeko petrolioaren prezioa jaistea erabaki zuen. Ekialde Hurbilean gero eta lagunkoiagoak diren buruzagien laguntzarekin egin zuen. Beste alde batetik, 2025. urtearen hasieran, Etxe Zuriko egoiliar berriaren balizko kudeaketaren ondorioz, energia berriztagarrien akzioak hondoratuta zeuden. Administrazioak ez zituen gogoko energia eolikoa edo eguzki-energia, eta ez zuen ezkutatu sektoreari laguntzak kenduko zizkiola. Horrek akzioak merketu zituen energia eskariak gora egiten zuen bitartean. Urte hasieran Wet Texas Intermediative (WTI) petroleo gordina salduz eta dirua S&PGlobal Clean Energy indizean isuriz %80ko etekina emango zukeen. 2026ko gakoa: energia beharra.

Balorazioen garrantzia

Nahiz eta AEBeko burtsek urte oso sendoa izan, bere “buruzagitzak” atzera egin du; S&P500 indizeak munduko gainekoekiko %9,9ko atzerapena izan zuen dolarretan neurtuta (2009tik izan duen emaitzarik txarrena). Ondorio positiboak ditu. Lehena: inbertitzaileak akzio eta herrialde merkeagoak bilatzen ari direla, eta baieztapen hori ez dator bat adimen artifizialak eragindako edozein burbuila erosten dituztela dioen ustearekin. Arrazionaltasun handia gelditzen da oraindik. Bigarren ondorio positiboa: AEBetik kanpo munduaren zati handi bat merke geratzen da eta joera hori berdin mantendu daiteke 2026an ere.

Txinak ez du presarik…

Zero-Covid konfinamendu garaiko politikatik Txinaren susperraldi luzea oso astiro doa. Txinak ez du hauteskundeen presiorik, eta herrialdearen akzioen rallyak aurrera jarraitzen du. Indize kontinentala (CSI-300 indizea) 2022 martxotik bere gorenean dago (hiru indize nagusiak CSI-300, Hong Kongo MSCI Txina eta AEBeko S&P Txina ADR) 2021eko azaroko gailurraren azpian jarraitzen dute oraindik. Ez da ahaztu behar orduan identifikatu zela lehenengo aldiz COVID-19aren Omicron aldaera, eta Txinara heldu zenean itxialdi zorrotzak murriztatzaileegiak ezarri zirela.

 

Nahiz eta egiturazko erronkek bere horretan jarraitzen duten (hala nola: gehiegizko gaitasun produktiboa, higiezinen makalaldia eta enplegu diru sarreren ahultasuna), berrikuntzak bultzatutako hazkundea, batez ere adimen artifizialean eta fabrikazio aurreratuan, hazkunde-motor berri gisa ager liteke. Iaz ezarritako dirulaguntzen —auto, etxetresna eta telefono adimendunen merkataritza programen— eragin apalen ostean aurtengorako bi akzio sinesgarri identifikatzen dira. Ilargiko Urteberriari loturikoa batetik. Txinako egutegiko jaialdirik garrantzitsuena izanik —aurtengo otsailaren erdian ospatuko dena—, agintariek dirulaguntzak gehituz gero horiek zuzenean oporretako gastuetara bideratu ditzakete herrialdean bizi direnek.

Kanpo behatzaileen iritzi adostua da Txina arrakasta lortzeko bidean egoera onean dagoela, eta teknologiako fabrikazioari laguntzeko ahalegin guztiak bikoiztuko dituela

Bigarren lehioa urteko bigarren laurdenean etorri liteke. Trumpek inolako trabarik gabe egin nahi ditu apirilerako aurreikusitako goi-bilerak. Orain dela urtebete, Trump Etxe Zurira itzultzearen inguruko ziurgabetasunak barne hazkunderako erronkak areagotu zituen; urtebete igarota ziurgabetasuna gutxitu eta egoera sendoagoan daudela esan daiteke. Kanpo behatzaileen iritzi adostua da Txina arrakasta lortzeko bidean egoera onean dagoela, eta teknologiako fabrikazioari laguntzeko ahalegin guztiak bikoiztuko dituela.

Zor publikoa moldatu ezina bihurtu da?

Momentu honetan, ekonomia hazkundea, II. Mundu Gerraren osteko hamarkadakoarekin erkatuta, apalagoa da, interes tasak altuak eta aurrekontuen defizitak handiak dira. Europan, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) iritziz, ondorengo 15 urteetan politiken norabideak aldaketarik egin ezean, Estatuen batez besteko zor publikoa bikoiztu egingo da, zorpetzea garestituz, hazkundea gutxitzea eta ezegonkortasun finantzarioa ekarri dezakeena. Aurrekontuetan superabita lortzea zorra gutxitzeko politiketan funtzezko tresna da; hazkunde ekonomikoak gastu ziklikoa murrizten laguntzen du jakina.

Benetako interes tasak hazkunde-tasaren azpitik mantentzea ere mekanismo indartsua da. Horrek, inflazioarekin batera, errepresio finantzarioaren politika ezartzen du, non gobernuek behartu egiten dieten inbertitzaileei zor publikoa erostera merkatuko interes tasen azpitik. Soluzioa izan al daiteke adimena artifizialak eragingo lukeen sekulako produktibitateak hazkundea bultzatzeko? Deutsche Bankeko Ikerketa institutuak jasotakoaren arabera, AAk ekarriko lukeen produktibitatearen bultzada urteko %0,5-0,7 bitartean legoke eta honek zorraren goranzko norabidean nolabaiteko bultzada suposatuko luke, baina ez norabide aldaketa.