Interes tasak %4,5ean uztea erabaki du EBZk

2022ko uztailetik hamar aldiz segidan igo ostean, etenaldia egitea adostu du banku zentralak. Dena den, epe ertainera tasak jaisten hastea ez du aurreikusten

EBZren bilera osteko prentsaurrekoa gaur Atenasen | Argazkia: EBZ EBZren bilera osteko prentsaurrekoa gaur Atenasen | Argazkia: EBZ

Hainbat nobedade eskaini ditu gaur Christine Lagarde buru duen Europako Banku Zentralak. Frankfurteko egoitza nagusian ordez, Atenasen elkartu dira, eta interes tasak hamar aldiz segidan igo ostean, etenaldia adostu dute. Hain zuzen, iazko uztailean hasi ziren tasak igotzen inflazioari aurre egiteko asmoz, eta azken bileran %4,5ean mantentzea erabaki dute.

EBZren arabera, inflazioak altu jarraituko du denbora luzez, eta, hortaz, EBZ interes tasak berriro jaisten hasteko unea urrun ikusten da. Dena den, eta motel bada ere, euroguneko inflazioa apaltze bidean da, eta %4,3an kokatu zen irailean –%2ko helburutik urrun oraindik–. Urriko inflazio datuak, bestalde, datorren asteartean jakingo dira.

Azken urteko tasen igoerak bankuek enpresei nahiz herritarrei emandako maileguak murriztu ditu, eta honek inflazioa jaitsi badu ere, Europako ekonomia hoztea ere ekarri du. EBZ oreka lanak egiten ari da, inflazioa apaltzen duen bitartean, ez duelako eurogunea atzeraldian sartzea nahi. Bada, 2023ko bigarren hiruhilekoa ekonomia %0,2 soilik hazi zen, eta hirugarren hiruhilekoko emaitzak oraindik apalagoak izatea aurreikusten da.

Gaurko bilera osteko agerraldian, Lagardek orain arteko ildo beretik jo du, eta etorkizuneko erabakiak murriztaileak izaten jarraituko dutela adierazi du. "Datuen arabera erabakiko dugu zer mailako erabakiak eta zenbat denboraz hartuko ditugun".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK