Interes tasak beste 25 puntu igo ditu EBZk

%3,75ean kokatu dira. Iazko uztailetik, zazpi aldiz jarraian igo ditu interes tasak Europako Banku Zentralak

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea | Argazkia: Europa Press Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea | Argazkia: Europa Press

Interes tasen igoera mantsotzen hasi da Europako Banku Zentrala, laster goia joko dutenaren seinale. Orain arte 50 puntuko igoerak egin baditu ere, gaurko bileran 25 puntu igotzea erabaki du, interes tasak %3,75ean kokatuz. 2008az geroztik izan den zenbatekorik altuenean kokatu dira. Zazpi aldiz jarraian igo ditu dagoeneko tasak, eta azken datu ekonomikoek dagoeneko islatzen dute prezioen garestitzeak kreditu merkatuan duen eragina.

Europako Banku Zentralaren arabera, inflazioari begira hartutako erabakia da, eta kezka azaldu du, erritmoa moteldu badu ere, uste baino gehiago ari delako luzatzen inflazioaren igoera hori. Eurostat Europako estatistika erakundeak aste honetan bertan aurreratutako datuen arabera, euroguneko inflazioa hamarren bat igo da apirilean, urte arteko %7ra. Azken igoera horrek amaiera eman dio lau hilabeteko jaitsierari.

Hala, eta datozen hilabeteei begira ere, interes tasen inguruko erabakiak inflazio aurreikuspenen balorazioan oinarritutakoak izango direla jakinarazi du Banku Zentralak, ekonomia eta finantza datu berrien, azpiko inflazioaren dinamikaren eta moneta politikaren transmisioaren araberakoak.

Interes tasak 25 puntu igota, AEBtako Erreserba Federalaren bideari jarraitu dio EBZk, hark ere 25 puntu igo baititu tasak. Izan ere, bietan ere egoera makroekonomikoa antzekoa da: inflazioa apaltzen ari da, eta interes tasen igoera handiak ez du ekonomiaren hazkundea eten, baina bai moteldu. Langabezia, berriz, jaisten ari da batean zein bestean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK