
Aurreikuspenak betez, Europako Banku Zentralak beste 50 puntu igo ditu interes-tasak, %2,5era iritsi arte. Ondorioz, diruaren prezioa 2009tik egon den mailarik altuenean dago.
Azken igoerarekin, laugarren aldiz jarraian igo ditu interes tipoak: uztailean 50 puntu igo baitzituen, irailean 75 puntu, eta urriaren amaieran beste 75. Uztailera arte, ia 11 urte zeramatzan Europako Banku Zentralak interes-tasak igo gabe. Hala ere, AEBetako Erreserba Federalaren eta Ingalaterrako Bankuaren bidea hartu du Europako Banku Zentralak, eta interes-tasak igo egin baditu ere, moteldu egin du tasa horien igoeraren erritmoa.
Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak jakitera eman duenez, “oraindik interes-tasak igotzen jarraitu beharko da, erritmo jarraituan”, harik eta inflazioa %2ra jaitsi arte, gaur gaurkoz “altuegia” delako. Azken igoerarekin Eurogunean inflazioari aurre egitea da helburua.
Euroguneko urte arteko inflazio-tasa azaroan %10ekoa izan zela jakin eta egun gutxitara iritsi da EBZaren azken erabakia, hau da, urrian izandako marka historikoa baino sei hamarren gutxiagokoa izan dela ezagutu eta gutxira.