Interes-tasak beste 50 puntu igo ditu Europako Banku Zentralak, %3ra iritsi arte

Martxorako ere antzeko igoera espero du EBZk

Europako Banku Zentraleko egoitza | Argazkia: iStock Europako Banku Zentraleko egoitza | Argazkia: iStock

Aurreikuspenak betez, Europako Banku Zentralak beste 50 puntu igo ditu interes-tasak, %3ra iritsi arte. Euroguneko bankuek beren likidezia EBZn gordetzeko ordaindu beharreko tasa ere igo egin da, %2,5era. Ondorioz, diruaren prezioa 2009tik egon den mailarik altuenean dago. Azken igoerarekin, bosgarren aldiz jarraian igo ditu interes tipoak: uztailean 50 puntu igo baitzituen, irailean 75 puntu, urriaren amaieran beste 75, eta abenduan 50 gehiago. Uztailera arte, ia 11 urte zeramatzan Europako Banku Zentralak interes-tasak igo gabe.

Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak jakitera eman duenez, “oraindik interes-tasak igotzen jarraitu beharko da, erritmo jarraituan”, harik eta inflazioa %2ra jaitsi arte, behera badoa ere gaur gaurkoz “altuegia” delako. Urrian %10,6ra iritsi zen, abenduan %9,2ra eta urtarrilean %8,5era. Interes-tasen azken igoerarekin ere Eurogunean inflazioari aurre egitea da helburua.

Hurrengo bilera martxoaren 16an egingo dute Europako Banku Zentraleko arduradunek, eta oso litekeena da interes-tasak beste 50 puntu igotzea. Ikusteko dago zer erabakiko duten martxoko bileran eta horren ondotik ebaluatuko dute etorkizuneko egoera. Hala ere, Europako zenbait ekonomialariren iritziz, interes-tasak %3,50era iritsiko dira gehienez ere, eta horren ondotik hasiko lirateke behera egiten, 2024ko ekainetik aurrera.

Informazio gehiago
Euriborra %3,33ra igo da eta hipoteka aldakorrak ia 200 euro garestitu ditu
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK