Interes-tasak: dena aldatu da

Azken hilabeteotako interes-tasen gorakadak hankaz gora jarri du euskal ekonomia. Diru merkearen sasoia bukatzeak ondorio nabariak izango ditu enpresa eta familientzat. Bankuek, aldiz, aspaldiko estrategiak berreskuratu dituzte.

Argazkiak: iStock Argazkiak: iStock

Pandemiatik atera berria zen gizarteari kantatu zion Bulego talde gipuzkoarrak iaz. Udaberriko argi izpiek eta amets berriek Top Gazteako lehen postuetara eraman zuten Bueltan da kanta ezaguna. Baina, tamalez, bueltan den guztiak ez du zertan goxoa izan. Interes-tasen gorakada horren adibide da. 

Ekainean adostu zuen Europako Banku Zentralak tasak igotzea. Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak ez du gustuko bat-bateko erabakiak hartzea baina egoerak beste aukerarik ez zion eman. Uda aurretik 50 oinarrizko puntu igo zituen tasak eta uda bukaeran jarrera hori berretsi egin du tasak beste % 0,75 igoz. Banku Zentralak bere 20 urteko historian egin duen garestitzerik altuena izan da eta urtea bukatu aurretik beste igoera bi egiteko atea irekita utzi du. Lau hilabetetan tasak
% 1,25ean kokatu dira eta baliteke urtearen bukaerarako % 2,25era heltzea. Bueltan da, hortaz, interes-tasen garaia. 

Egoera zeharo irauli da eta tasak noraino igoko diren aurreikustea erreza ez bada ere, badira merkatuetan igartzen hasi diren joera aldaketak.

Interes-tasen gorakada, noraino?

Aurreko asteko agerraldian kutsu ezkorra igarri zitzaion Lagarderi, deserosoa nonbait. Banku zentralaren zeregin nagusia inflazioa %2ra murriztea dela badaki baina horretarako tresna askorik ez du. Egon izan dira inflazio altuko garaiak baina, aurrekoetan ez bezala, oraingoan inflazioa ez du gehiegizko eskariak sortu. Eskaintzak eragindako inflazioa da. Pandemia garaian munduko lantegien ekoizpena asko murriztu zen eta birusari aurre egiteko murrizketak arindu ahala munduko ekonomia guztiak galdutako erritmoa berreskuratu nahi izan zuen. Hornidura kateetan egondako arazoek ekoizpen prozesuak atzeratu zituen. Eskari guztia haina asetzeko eskaintzarik ez egoteak prezioak igoarazi zituen. Gatazka geopolitikoek, Ukrainako gerra tarteko, eta aldaketa klimatikoaren ondorioek ere egoera larritu zuten.

Interes-tasak noraino igoko diren galdetuta neutraltasun-puntua aipatu zuen Lagardek, inflazioari aurre egiteko eta atzeraldirik ez eragiteko oreka puntua

Eskariak sortutako inflazioari aurre egiteko ohikoena moneta-politika gogortzea da: interes-tasak igota kontsumoa moteldu egiten da, eskaria ahulduz eta prezioak merkatuz. Oraingoan, ordea, ez da hain erraza izango. Interes-tasen gorakadek enpresa eta familien finantzaketa garestituko dute eta horrek kontsumoa murriztuko du. Inflazio altuaren ondorioei, hortaz, beste kostu gehigarria gehituko zaio. Jerome Powell, Amerikako Estatu Batuetako Erreserba Federaleko buruak inflazioari aurre egiteko familiek eta enpresek “mina” pairatu beharko dutela esan zuen abuztuaren bukaeran. Horren jakitun da Europako Banku Zentrala eta interes-tasak noraino igoko diren galdetuta neutraltasun-puntuaren aipamena egin zuen. Inflazioari aurre egiteko eta atzeraldirik ez eragiteko oreka puntuaz ari zen EBZ. Esatea erraza da baina oreka topatzea, aldeiz, konplikatua da oso.

Merkatuek aurrea hartuta

Moneta agintarien erabakiei aurrea hartzen omen diete merkatuek eta euriborrarena horren isla da. Urtea tasa negatiboetan hasi bazuen ere, atzo % 2,075era heldu zen. Gorakada azken hilabeteotan eman da, EBZk onartuko zituen erabakiei aurrea hartuz. Tasa ofizialak % 1,25ean daude egun baina urtea % 2,25ean ixtea aurreikusten du merkatuak. Euribor erreferentzia noraino heldu liteken ere ikusteko dago, baina analisi-etxe nagusiek gero eta argiago ikusten dute % 2,5era heltzeko aukera.

Urtebeterako euriborra tasa-aldakorreko maileguentzako erreferentziazko indizea da. Badira sei hilabeterako euriborrari lotutako finantzaketak dituzten enpresak, hala ere, baina ohikoena urtebeteko euriborra da. Hilabeteko batez bestekoa % 2ko langa gainditzear dago eta horrek familiei urteko 1.500 eta 2.000 euroko gainkarga suposatuko die.

Bada interes-tasen igoerak merkatuetan izan duen beste ondorio bat: euroaren kotizazioa. AEBn tasak lehenago eta azkarrago igo zituztenez dolarra sendotu egin zen eta euroa, ordea, ahuldu. Dolarrarekiko parekotasuna galtzera heldu zen Euroa baina EBZren azken erabakiek euroa indartu dute epe laburrean interesak gehiago igoko direlakoan. Europak inportazioak nagusiki dolarretan ordaintzen ditu, energiarenak batez ere. Euro ahul batek inportazioak garestitzen zituen, inflazioa eraginez. Euroa indartzeak, hortaz, inflazioa kontrolatzen lagun dezake. 

Burtsa merkatuetan bankuak gora

Uda garaia ez da goxoa izan burtsa-merkatuetan. Europako merkatu nagusiek % 20 bitarteko galerak metatu dituzte urte honetan, uda garaian batez ere. Espainiako Ibex-35 indizeak, esaterako, % 10eko galera izan du udan eta 2022an % 7,8 galtzen ari da. Interes-tasen igoerek merkatuak zigortu ohi dituzte, errenta-aldakorrekoak zein errenta-finkokoak.

Bada, baina, interes-tasen igoerei probetxua ateratzen dion sektorea: bankuena. Azken urteotan tasa finkoko maileguak nagusitu badira ere, oraindik ere nagusi dira tasa aldakorreko maileguak bankuen balantzeetan. Interes-tasen igoerak, hortaz, diru sarrera handiagoak ekarriko dizkie bankuei. Hipoteken negozioa, halaber, puri purian dabil. Uztailean, esaterako, Espainian emandako etxebizitza erosteko mailegu eragiketa berriek 6.527 milioi euro suposatu zuten, 2010eko ekainaz geroztik egon den zifrarik altuena. Bezeroek tasa-finkoko maileguak eskatzen dituzte interesen gorakadaren beldur. Bankuek,baina, prezioak doitu dituzte. Interes finkoak garestitu dituzte eta kasu askotan % 3ko langa gainditu dute. Badira, halere, “premium” bezeroentzat oraindik % 1,5 azpitik hipoteka ematen duten banku gutxi batzuk baina joera aldaketa nabaria da. Bueltan dira, hortaz, tasa-aldakorreko hipotekak.

Aspaldiko "gordailuaren gerra" bezalako estrategiak prestatzen hasi dira berriz bankuak. Dirua duten bezeroentzat albiste ona

Interesen igoerak mesede egingo die, hortaz, bankuei eta burtsetan igarri egin da. Ezjakintasun egoera honetan enpresa energetikoekin batera, bankuak erakargarri dira berriro. 

Epe finkorako gordailuen loraldi berria?

Tasa negatiboen eremutik ateratzeak lasaitasuna eman die bankuei. Orain arte bezeroek ageriko kontuetan zituzten saldoek "min" egiten zieten.  Europak tasa negatiboa aplikatzen zien eta horrek emaitza-kontua zigortu egiten zien. Horren aurrean bankuak saiatu ziren bezeroek dirua ohiko kontuetatik inbertsio-funtsetara bideratzen. Horrela bankuek ez zioten Banku Zentralari tasa negatiborik ordaindu behar eta, gainera, funtsetan dirua izateagatik komisioa kobratzen zuten. Inbertsio-funtsek, ordea, ez dute esperotako portaerarik izan eta bezero askok errentagarritasun negatiboa lortu dute.

Horregatik interes-tasa negatiboen garaia bukatzeak aspaldiko “pasiboaren gerra” berpiztu dezake. Bezeroek ageriko eta epe finkorako gordailuetan dirua izatea berriro ere errentagarria da bankuentzat eta horregatik estrategiak aldatzen hasiak dira. Izan ere, bueltan dira bezero berria egin eta nomina helbideratzeko sustapenak. Merkatuan badira bezeroak harrapatzeko dirua eskaintzen duten bankuak. 300 eurora heltzen da zenbait kasutan bankuek, amu gisa, eskaintzen duten saria, beti ere baldintza jakin batzuk betez. Bezeroa lotzea dute helburu halako estrategiek, etorkizunean produktu gehiago kontratatu eta errentagarritasun gehiagarria emango dutelakoan.

Interes-tasek gora egiten jarraitu ahala litekeena da bankuak berriro ere gordailuengatik interesak eskaintzen hastea. Bere garaian "gordailuaren gerra" bezala martxan jarritako estrategiak prestatzen hasi dira berriz bankuak. Dirua aurreztuta duten bezeroentzat albiste ona, hortaz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK