Interes tasak: gailurrera heldu al gara?

Atzo Erreserba Federalak tasak berriro igo eta gero, Christine Lagardek erabaki beharko du moneta politikan beste urrats bat egin ala ez. AEBetako ekonomia igoerari aurre egiteko gauza izan bada ere, eurogunean errealitatea desberdina da

Christine Lagarde, ekaineko EBZko bilera eta gero. Argazkia: EBZ Christine Lagarde, ekaineko EBZko bilera eta gero. Argazkia: EBZ

Testuinguru nahasian dator gaurko Europako Banku Zentralaren bilera. Inoizko gorakadarik malkartsuena eta gero, Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak moneta politika gehiago astindu ala ez erabaki beharko du. Aste honetan Nazioarteko Diru Funtsak aurreikuspen ekonomikoak aurkeztu ditu eta Alemaniaren hazkundea okertu du. Europako motor ekonomikoak 2023an atzera egitea aurreikusten du NDFk. Gainerako ekonomien datuak hobetu baditu ere, datorren urtetik aurrera defizitaren inguruko politikek hazkundearen inguruan izango duen eragina kalkulatzea zaila da.

Ohikoa den bezala, Estatu Batuetako Erreserba Federalak EBZren bileraren atarian biltzen du bere zuzendaritza batzordea. Merkatu irekiko batzorde federaleko kideek atzo interes tasak berriro igotzea erabaki zuten, % 5,25 eta % 5,5 bitartean utziz, 2007ko marka hautsi eta azken 22 urteetako maximora helduz. Ikusmina zegoen erabakia ezagutzeko, ekaineko bileran tasak bere baitan utzi eta gero. Inflazioa menderatzeko hartutako erabakiak xehe aztertu nahi zituen Jerome Powellek igoera berririk onartu aurretik. Atzoko erabakiak oraindik egiteko lana badagoela argi erakusten du.

AEBn tasak azken 22 urteetako maximoetara igo badituzte ere, ekonomiak sendo erantzun du. Europan, ordea, egoera desberdina da.

Inflazioa pixkanaka lausotzen ari bada ere, oraindik arriskutsu ikusten du Erreserba Federalak eta horregatik tasak puntu laurdenean igotzea onartu du. Tasen gorakada historikoak AEBko ekonomian eragin zitzakeen ondorioen beldur ziren FEDeko buruak, eta horregatik ekaineko su etena. Ekonomiak, ordea, sendotasuna erakusten omen du. Horrela adierazten dute, behintzat, aldagai ekonomiko nagusiek. Langabezi tasa azken mendi erdiko apalenetakoa da, % 3,6 eta ekonomia hazkunde bidean dabil, apal hala ere. Moneta politika estutzeak ez diot, hortaz, kalte handirik egin ekonomiari. Epe laburreko erabakiez galdetuta, baina, Powellek ez zuen ezer aurreratu nahi izan. Irailean du hurrengo hitzordua eta horren bitartean ekonomiaren bilakaerari adi egongo da. Inflazioa are gehiago menderatzea du helburu baina moneta politika zorrotzek AEBko tamaina ertaineko bankuetan eragindako lurrikarak oraindik badu erantzuna. 

Europan, hazkunde ekonomikoa ezbaian?

Europako Banku Zentralak bere jardunaren burujabetasuna behin baino gehiagotan aldarrikatu badu ere, ikusteko dago atzoko FEDaren erabakiak noraino baldintzatuko duen bere erabakia. Datuetan oinarritzen ohi du banku zentralak bere erabakia eta ziurgabetasuna nagusi da une honetan eta eurogunean aldagai ekonomikoak ez dira atlantikoaren beste aldean bezain sendoak. Asteartean Nazioarteko Diru Funtsak bere aurreikuspen ekonomikoak iragarri zituen, mezu nagusi bat nabarmenduz. Eurogunearen ekonomia zertxobait hobetuko bada, zerbitzuen eta turismoaren kontura izango da. Industriak, ordea, bilakaera okerragoa izatea espero dute. Espainia eta Italiako ekonomien estimazioak % 1 eta % 0,4ean hobetu baditu ere, Frantziakoa soilik % 0,1ean. Portaerarik okerrena Alemania izango du. Bere aurreikuspenak % 0,2ean okertu eta 2023an atzera egitea espero du NDFk. Aniztasuna da, hortaz, Euroguneko ekonomia definitzeko erabili beharreko hitza. Errealitate ekonomiko desberdinak baina moneta politika bakarra. Hori da EBZren erronka.

 Defizitaren kontrola begiz jota jarri nahi du, berriz ere, Bruselak eta interes tasen gorakadek estatuen finantza gastua handituko dute. Oreka zaila, hortaz, EBZrentzat.

Europako motorraren geldotzeari beste mehatxu bat gehitu behar zaio: Ortodoxia fiskalaren itzulera. Pandemia eta Ukrainako gerrak eraginda arau fiskalak lausotzea erabaki zuen Europako Batzordeak baina, egoera baretuta, berriro ezartzea eskatzen du. Defizitaren kontrolak, baina, ez die 2008ko krisian bezalako estutasunik ekarriko estatuei baina gastuak murrizteko deia argia da. Trantsizio ekologikoaren erronkari aurre egiteko burutu beharreko inbertsio publikoa eta% gastuaren murrizketa uztartzeko oreka larria lortu beharko dute estatuek, ekonomia okertu barik. EBZk badaki, beraz, neurriak tentuz hartu beharko dituela. Tasen gorakadak gehien zorpetutako estatuen arrisku saria ezbaian jar lezake. Mehatxu horri egiteko zorraren erosketa programa berezia onartu zuen Lagardek eta emaitzak, gaur gaurkoz, onak dira. Espainiako arrisku saria, esaterako, 105 puntutan dago. EBZren azken bileraren atarian 92 puntutan dago. Nabarmen igo da, hortaz, baina maila oraindik baxua da. Italiak 167 puntutan du bere arrisku saria eta Frantziak 56 puntutan.

Arrisku saria kontrolpean izateak, halere, ez du esan nahi zorpetzearen kostua baxu dagoenik. Espainiar estatuko zor publikoaren prezioa nabarmen igo da azken hilabeteotan eta horren adibide Altxor Letren bilakaera, azken urteotako errentagarritasun altuena eskainiz. Azken enkantean % 3,8ra heldu zen inbertitzaileek eskuratutako interesa. Estatuaren finantzaketaren kostuak minimoa jo zuen 2022ko martxoan % 1,53. Urtebetean igoera nabarmena izan da, EBZren moneta politikaren ondorioz. Ekainaren bukaeran kostua % 2ra hurbildu zen eta Espainiako Gobernuaren arabera, urte bukaerarako % 2,5ra heldu liteke. 

Azken igoera izan liteke

Inoizko tasen gorakadarik zorrotzena aplikatu ostean hazkunde ekonomikoan izan duen eragina xehe aztertuko du gaur EBZk. Asteartean Nazioarteko Diru Funtsak baieztatu zuenez, munduko banku zentralek aplikatutako interes tasen gorakada zorrotzek hazkundea kaltetu dute, batez ere herrialde garatuena. Hala, 2023an % 1,5 hazi egingo dira, 2022koaren erdia, gutxi gora behera. Eurogunean ere hazkundea moteltzea aurreikusten du NDFk. 2022an ekonomiak % 3,5 egin bazuen gora, 2023an % 0,9ko hazkundea baino ez dio aurreikusten euroguneari, AEBren erdia. Errealitate ekonomiko ezberdina dute, beraz, AEBk eta Europak eta horrek eragina izango du moneta politikako erabakietan. Atzo Powellek mezu irekia helarazi bazuen ere, bestelakoa da gaurko espero dena.

EBZk tasak % 4,25era igotzea espero da. Merkatuek, ordea, lasaitasunez hartu dute: Euriborrak % 4,114ra jaitsi da aste honetan

Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak oreka lanak egin izan ditu orain arte politika gogorren (belatzak) eta malguagoen (usoak) aldekoen artean. Oraingoan, ordea, bada aldaketa bat. Horrela iradokitu zuen Klaas Knot Herbehereetako De Nederlandsche Bankeko buruak aurreko astean. Knotek ez ohiko mezua zabaldu zuen tasen igoeren inguruan. Gaurko bileran tasak igotzea "beharrezkoa dela” esan bazuen ere, iraileko hurrengo bileran tasak berriro estutzea “probabilitatea” baino ez dela gaineratu zuen, “gehienez jota”. Merkatuek ere igoeren gailurrean egon gaitezkeela estimatzen dute. Horrela urtebeterako euriborra aurreko astean nabarmen igo zen bitartean, aste honetan behera egin du eta atzo % 4,114ean itxi zuen. Gaur EBZk tasak % 4,25era igotzea espero bada ere, Euriborrak ez dio igoerari aurrea hartu. Igoeren gailurraren atarian gaudelaren seinale?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK