Jaurlaritzak BGAEn dekretu berria izapidetzeko prozesua abiatuko du uda aurretik

Inbertsio errentagarriak eta aseguruen esparru berriak barne hartuko ditu dekretuak

Hernando Lacalle Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordea eta Ignacio Javier Etxebarria BGAEn Federazioko presidentea | Irekia Hernando Lacalle Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordea eta Ignacio Javier Etxebarria BGAEn Federazioko presidentea | Irekia

Eusko Jaurlaritzak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) dekretu berria aurkeztu du Bilbon, inbertsio errentagarriak eta aseguruen esparru berriak barne hartzen dituena. Hernando Lacalle Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak iragarritakoaren arabera, uda baino lehen hasiko dira BGAEen dekretu berria tramitatzen, araudia eguneratzeko. “BGAEtan sartutako dirua errenta bidez atera izana saritu behar da, pilaturiko kapital osoa kolpetik ateratzearen aurretik”, nabarmendu du Lacallek, eta aurreratu du ildo hori babestuko duela udazkeneko zerga erreformaren negoziazioan. Hala, errenta bidez kobratzea lehenetsiko du Jaurlaritzak, egun enplegu BGAEn %61 baino ez delako kobratzen modu horretara, eta BGAE indibidualen %22.

Aipatzekoa da 2022an BGAE indibidualen kopurua %1,83 jaitsi zela, eta enplegu BGAEk %2,91eko igoera izan zutela, 516.810 izatera iritsita. Hain zuzen ere, horiek ugaritu nahi ditu Jaurlaritzak. Biztanleria aktiboaren %27k du pentsio pribatu formularen bat bere lan itunean, baina %70era iristea da Jaurlaritzak lortu nahi duena. Kasu horietan langileek eta enpresek pentsio plan pribatu bat diruz hornitzea adosten dute eta bi aldeek hobari fiskalak jasotzen dituzte errenta aitorpena egitean.

BGAEn dirua nora doan bideratu nahi du Jaurlaritzak, kopuru oso handia izaten delako. Izan ere, ondare osoa EAEko BPGaren %30,69 da. Hala, “inbertsio jasangarriak” egitea lehenetsiko dute, eta merkatu finantzarioetan lortutako ondasunen berri ere eman beharko dela zehaztu du Lacallek. Ondo bidean, 2023ko azkeneko lauhilekoan onartuko dute dekretua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK