Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuaren eta Indartuz sozietate publikoaren bitartez, “produkzio-eraldaketa bultzatzeko” funts berri bat sortu du. Zor-funts hori Euskadi Eraldatuz 2030 planaren baitan eratu dute, eta helburu izango du Euskal Autonomia Erkidegoko “industria-sarearen lehiakortasuna indartzea”, proiektu estrategikoetarako finantzaketa “malgua” erdietsita.
Funts berriak 100 milioi euroko ondarearekin abiatuko du bere ibilbidea. Finantzen Euskal Institutuak inbertitzaile gisa jardungo du, Indaruzen bidez, eta funts horren ondarearen %25 eta %49 arteko ekarpena egitea aurreikusten du, betiere mobilizatutako kapitalaren gehiengoa pribatua dela bermatuta.
Jaurlaritzak azaldu du modu honetara "inbertsio publikoaren efektu biderkatzailea maximizatu" nahi duela, eta, era berean, "nazioarteko finantza-sektorearen kapital gehigarria erakarri".
Funtsak finantzaketa malgua eskainiko du zenbait produkturen bidez, hala nola hazkundera eta ekoizpen-eraldaketara bideratutako mailegu arrunt, parte-hartzaile edo bihurgarrien bidez. Ohiko banku-eskaintza osatzeko diseinatuta dago tresna eta, Jaurlaritzaren arabera, proiektu bereziak finantzatzeko baldintza berezietara egokitzeko gaitasuna izango du.
Funts berriaren ondare osoaren %75, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura estrategikoa duten enpresetan inbertitu beharko da.
Orain, Indartuzek deialdia zabaldu du funts berria kudeatuko duen sozietatea hautatzeko.