Jose Antonio Marco izango da Osasunako finantza zuzendari berria

Sortu berri den karguak, orain arte Angel Ardanzaren esku egon den gerentearen kargua ordezkatuko du

Argazkia: Osasuna Argazkia: Osasuna

Osasunak iragarri duenez, Jose Antonio Marco Sanchez izango da entitateko finantza zuzendari berria. Kargu hori otsailaren 15ean hartuko di, eta gerentearena ordezkatuko du, estatuto berrietan kendu eta orain arte Angel Ardanzaren esku egon dena. Ardanza, era berean, Osasunako zuzendari kudeatzaile izatera pasako da.

Marcok honako hauek izango ditu bere kargu: Gonzalo Frauca, orain arte Osasuna Fundazioko kudeatzailea izan dena; Tamara Urroz, administrari gisa jarraituko duena; eta Paula Diaz Leblic, gaur egun klubeko Big Data proiektuez arduratzen dena eta arlo horretan duen ikuspegia Finantza Sail berriari emango diona.

Azken urteetan kluba hazi egin da, eta hamarkada batean 29 milioiko aurrekontua kudeatzetik denboraldi honetan ia 70 milioiko aurrekontua kudeatzera igaro da. Hori dela eta, zuzendaritza batzordearen iritziz, beharrezkoa da sail berri hori sortzea. Sail horrek bere gain hartuko ditu giza baliabideen lanak eta bere egituraren profesionalizazioa. Sadar estadioan klubeko bulegoetan lan egiten duten langileak ere departamentu honen menpe egongo dira, Osasunak jakitera eman duenez.

Jose Antonio Marco (Irun, 1976) Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da, finantzan espezializatuta dago Deustuko Unibertsitatean, eta Kontabilitate eta Finantzetako masterra ere badu. Osasunara iritsi aurretik, 22 urtez Cepinsan aritu da lanean, finantza zuzendari eta giza baliabideen zuzendari lanetan.

Era berean, klubaren finantza sail berriaren sorrerak Osasuna Fundazioari ere eragingo dio, datozen urteetan bultzada berri bat eman nahi baitzaio. Zentzu horretan, zuzendaritza batzordeak Angel Ardanaz, orain arte klubeko kudeatzailea, fundazioaren zuzendari-kudeatzaile izendatzea erabaki du.

Bestalde, Jose Manuel Piquer Martin-Portugues, zuzendaritza batzordeko kidea, Osasuna Fundazioaren bozeramaile izendatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK