Kutxabank, Europako hirugarren arrisku profil onena duen erakundea

Espainia mailan, finantza sistemako lehen postuan jarraitzen du

Kutxabank | Argazkia: Europa Press Kutxabank | Argazkia: Europa Press

Europako arrisku profil onena duen hirugarren erakundea da Kutxabank, Erakunde Esanguratsuak Berrikusteko eta Ebaluatzeko Gainbegiratze Prozesuan, Europako Banku Zentralak argitaratu berri duen zerrendaren arabera. Europako sailkapenean, Kutxabankek postu bat egin du gora 2021eko analisiaren aldean, eta Espainiako finantza sistemaren buruan jarraitzen du.

EBZk urtero egiten duen azterketak, kapital eskakizunei lotuta erakunde bakoitzak duen egoera azaltzen du, baita arrisku politikari nola heltzen dion ere. Kutxabankek ohar bidez jakitera eman duenez, erakundeak beti lortu du eskakizuna mantendu edo hobetzea, 2016an azterketa egiten hasi zirenetik.

Azterketa horrek, Kutxabankek  %1,20ko eskakizuna duela dio, azken bost urteetako berbera, eta Europako batezbestekoa baino hobea, %1,9tik %2ra igo baita azken ekitaldian. Kalkulu horri 2. zutabeko errekerimendua (P2R) esaten zaio, eta banku bakoitzari banaka finkatzen zaio, bere arrisku potentzialak estaltzeko behar izan lezakeen kapital gehigarriaren arabera, agintaritza ikuskatzailearen kalkuluen arabera. Zenbat eta baxuagoa izan P2R horren helburua, orduan eta txikiagoa da identifikatutako arriskuak estaltzeko kapital gehigarria mantentzeko beharra, eta, beraz, profil hobea lortzen da. 

Era berean, Kutxabankek %11,70etik gorako Guztizko Kaudimen Ratioa mantendu beharko du 2023an, eta CET1 kalitate goreneko kapitalari dagokionez Europako Banku Zentralak eskatzen duen gutxieneko atalasea %7,675 izango da.

Gaur egun, bere CET1 ratioa eta Guztizko Kaudimen Ratioa, phased-in bertsioan, %17,6koa da. Hau da, ikuskatzaileak eskatutako CET1 halako bi baino gehiago du Kutxabankek. Adierazle horiek %17,2an daude ‘fully loaded' bertsioan. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK