Kutxabankek urteko lehen sei hilabeteetan 1.150 milioi euro baino gehiago bideratu ditu finantzaketa jasangarrira, karbono gutxiko ekonomiarako trantsizioa sustatzen duten ekimenak bultzatzera. Hala, %2,3ko hazkundea izan du aurreko ekitaldiko aldi berarekin alderatuta.
Banketxeak ohar bidez jakitera eman duenez, etxebizitzen erosketa finantzatzeko produktuak merkaturatzearen, etxean erreformak egitearen edo ibilgailu eta etxetresna elektriko ekoeraginkorrak erostearen aldeko apustua egin du. Zehaztu duenez, finantzaketa iraunkor horren zatirik handiena bankuko bezeroek energiaren ikuspuntutik eraginkorrak diren etxebizitzak erosteko erabili dute, Hipoteka Berdea izenekoaren bidez. Mailegu horrek "finantzaketa-baldintza bereziak" eskaintzen dizkie energia-ziurtagiririk handienak dituzten higiezinei, bai eta "aseguru berdearen" bidez babesten dituztenei ere. Aseguru horren poliza berrien bolumena %27 hazi da aurreko urtearen aldean. Ekainaren bukaerara arte, guztira 2.850 kontratu sinatu ziren hipoteka-era berri horren baitan, 532 milioi euroko balioarekin, iaz baino %1,2 gehiago. Gainera, sinatu diren hipoteken laurdena “berdea” izan da, zehazki hipoteka berri guztien %24.
Xehekako Bankaren alorrean bertan, banka taldeak segmentu “berdean” eman dituen kontsumorako maileguen bolumena 5,7 milioi eurora artekoa izan da, iaz baino %71 gehiagokoa. Finantzazio hori eraginkortasun-energetikoa hobetu nahi zuten etxebizitzetara bideratu da, isolamendu eta klimatizazio-sistemak hobetzeko. Halaber, finantzaziorako erraztasunak eman dira auto elektrikoak, hibridoak eta erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuak erosteko.
Enpresen eta erakundeen alorretan espezializatutako lan-taldeek 619 milioi eurotik gorako balioa duten eragiketak onartu dituzte, guztiak ekonomia berde eta jasangarrian inbertsioak egin ahal izateko. Oro har, energia berriztagarriak sortzeko edo bateratzeko egitasmoak, mugikortasun jasangarria bultzatzen dutenak, edota babespeko etxebizitza eraginkorragoak sustatu dituztenak bideratu ditu bankuak.