
Euskal kutxa publikoek 221 milioi euro bildu zituzten 2022an tasa eta zergetan, 2021ean baino %18 gehiago. Anton Arriola Kutxabankeko presidentea Iñigo Urkullurekin bildu da gaur eta CEPREDEk finantza-taldearentzat egindako txostena aurkeztu dio. Hala, “balio erantsia sortzeari dagokionez, euskal ekonomiari eginiko ekarpen esanguratsuagatik nabarmendu da” finantza-erakundea.
Txostenaren arabera, Kutxabank eta haren fundazio akziodunak EAEko “zergadun-talde handienetako bat” dira, zifra hori iaz bildutako “kopuru osoaren %0,75 delako”. Halaber, lurralde ekonomian izan zuten inpaktu positiboa %19 handitu dela azaltzen du azterlanak eta erakundeen jarduera korporatiboak 927 milioi euroren ekarpena egin diola Barne Produktu Gordinari, EAEko ekonomia osoaren %1,3, hain zuzen.
Kutxabankek 330,5 milioi euroko mozkin garbiak izan zituen iaz, eta negozio-zifrarekiko zerga ekarpen osoa ia %35ekoa izan zen. Era berean, EAEn 650 milioi euro baino gehiago hornitzaileei, langileei eta administrazio publikoei ordaintzeko erabili zituztela azaltzen du txostenak.
Azterlanak EAEn Kutxabank eta haren akziodunek zuzeneko 2.900 enpleguri eutsi dietela ere nabarmentzen du, eta langileei eginiko ordainketa, hornitzaile, partikularren zerga eta kreditu berri eta enpresen bitartez, 3.098 milioi euro txertatu zituela EAEko ekonomian.